Gizartea -
Eraso sexualak
Intentsitate handiko hiru sexu eraso salatu dituzte sanferminetan
Iruñeko Mugimendu Feministak eta Herri Mugimenduak intentsitate txikiko beste sei erasoren berri ere eman dute, eta guztiak gaitzetsi dituzte. Gainera, hedabideei eskatu diete ez ditzatela erasotuak "berriro biktimizatu, mota guztietako detaile morbosoak kontatuz".
EITB Media
Iruñeko Mugimendu Feministak eta Herri Mugimenduak "gogor salatu" dituzte sanfermin jaietako hiru egun hauetan gertatu diren sexu erasoak: "intentsitate altuko hiru eta intentsitate baxuko beste sei, azken datuak ezagutzeko faltan".
Hedabideen aurrean egin dituzten adierazpenean, jakinarazi dute intentsitate altuko hiru erasoak uztailaren 6tik 7rako gauean gertatu zirela, baina "horietako biren berri astelehenean" eman zutela.
Lehenik eta behin, "elkartasuna eta babes osoa" eskaini diete erasotuak izan diren emakume guztiei. "Onartezina da gizon batzuek emakumeengako dituzten jarrerak: ukipenak, babosea, jazarpena, txapa amaigabeak, bortxaketak...", esan dute. "Matxiruloez nazkatuta gaude", gehitu dute.
"Kaleak, gauak eta jaiak gureak ere badira" aldarrikatu dute eta erasotzaileak direla soberan daudenak azpimarratu dute.
Horrez gainera, mezu argi bat helarazi nahi diete bertaratutako hedabideei: "onartezina da batzuek eragiten duzuen birbiktimizazioa, erasoen detaile morbosoak kontatuz; askotan gainera, gezur hutsak direnak", esan dute.
Eraso sexualen aurkako borroka guztion ardura dela aldarrikatu dute.