Gizartea -
Eguraldia
Eguraldiaren hobekuntza nabarmena eta uda giroa, aste hasieran
Astelehenean, 30 ºC-rainoko tenperaturak izango dira barnealdean, baina asteazkenean berriro hoztuko du eta prezipitazioak itzuliko dira.
eitb media
Eguraldiak nabarmen egingo du hobera igande honetan eta datorren astearen hasieran, asteazkenera arte uda giroa espero baita.
Gaur, aldarte argiagoa hartuko du aroak orduek aurrera egin ahala. Goizean goiz, behe-hodei ugari izango dugu leku askotan, eta baliteke zirimiri pixka bat egitea isurialde atlantikoan. Goizak aurrera egin ahala, ordea, atertu eta hodeitza saretzen hasiko da. Arratsaldean, hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira. Tenperatura maximoak apur bat igoko dira: 20-23 ºC artekoak izango dira orokorrean eta zertxobait altuagoak Nafarroa hegoaldean. Iparraldeko eta ipar-ekialdeko haizea ibiliko da.
Astelehenean, giro eguzkitsua nagusituko da eta tenperaturak gora egingo du. 30 ºC-ra iritsiko dira bleku askotan, eta balio altuenak 25-26 ºC-koak izango dira kostaldean. Goi-hodei batzuk agertuko dira, baina eguzkia izango da zeruan jaun eta jabe. Arratsaldean, bero-hodeiak garatuko dira, eta ez da baztertzen zaparrada trumoitsuren bat edo beste egitea. Hego-ekialdeko haizea ibiliko da hasieran, eta iparraldera egingo du arratsaldean. Egunsentian, behe-lainoa sortuko da, Ebro ibarrean gehienbat.
Asteartean, udako tenperaturarekin jarraituko dugu, baina hodeiak ugaritu egingo dira. Tenperatura maximoek ez dute ia aldaketarik jasango eta minimoek gora egingo dute. Erdi-mailako hodeiak eta goi-hodeiak tartekatuko dira zeruan egunaren lehen partean, eta urdinguneak ere ikusiko dira. Arratsaldean, bero-hodeiak ugarituko dira, eta baliteke zaparrada trumoitsu batzuk botatzea arratsalde-gauean. Hegoaldeko haizea ibiliko da goizean, eta iparraldekoa arratsaldean.
Asteazkenetik aurrera, nabarmen hoztuko da giroa, eta prezipitazioak izango dira.
Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena, eta bidali zure argazkiak eta bideoak.