Gizartea -

Hondarribia

Higerko errepidean luizi baten ondorioz martxotik itxita dagoen bideko erreietako bat asteartean irekiko dute

Ezpondari eusteko lanak egin dituzte martxotik, eta trafikoa semaforo bidez txandakatuko dute orain, luiziak eragindako kalteak konpontzeko obra osagarriak bukatu bitartean. Aurreikuspenen arabera, abuztuaren hasieran irekiko dute errepidea osorik.

Higer bideko lanak.
Higer bideko lanak.
Higer bideko lanak.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hondarribian (Gipuzkoa) Higerko itsasargirako errepidean martxoan izandako luizi baten ondorioz itxita dauden erreietako bat asteartean irekiko dute, uztailaren 9an. Trafikoa semaforo bidez txandakatuko dute, luiziak eragindako kalteak konpontzeko obra osagarriak bukatu bitartean. Aurreikuspenen arabera, errepidea abuztu hasieran irekiko dute osorik.

Gipuzkoako Foru Aldunditik jakinarazi dutenez, Higerko itsasargirako bidea (GI-3361) itxita dago martxoaren 3tik, mendi hegalean izan zen luizi baten ondorioz. Harrezkero, ezpondari eusteko lanak egin dituzte, eta ezponda egonkortu ondoren, errepideko erreietako bat asteartean irekiko dute berriro, 10:00etan.

Oraindik egiteke daude luiziak eragindako bide zoruaren, euste sistemaren eta drainatze sistemaren obra osagarriak, baina lan horiek errei bakarra irekita eta zirkulazioa semaforo bidez txandakatzen duten bitartean egin daitezke. Horrela, eraginak ahalik eta txikienak izatea eta Higer itsasargirako zirkulazioa erraztea nahi dute.

Aurreikuspenen arabera, hilabete inguru beharko da egiteko dauden lanak bukatzeko, betiere eguraldiak horretarako aukera ematen badu; ondorioz, gauzak ondo, errepidea abuztuaren hasieran irekiko dute guztiz.

Eremu horretan oraindik obrak egiten ari direnez, Higerko itsasargira joateko ordezko ibilbide gisa Pierre Lhande kalea erabil daiteke Hondarribiko portuan barrena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Hondarribia Gizartea Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Gipuzkoako Foru Aldundia Luiziak