Gizartea -

EGURALDIA

Eguraldi eguzkitsuak zaparrada trumoitsuak ekarriko ditu arratsean, eta giro freskoa gailenduko da asteburuan

Abisu horia ezarri dute gaurko, 18:00etatik 24:00etara, ordubetean metro koadroko 15 litro baino gehiago bota ditzakeelako. Igandean, orduak igaro ahala, hobera egingo du.

Mundaka (Bizkaia). Argazkia: Julio Mendia
Mundaka (Bizkaia). Argazkia: Julio Mendia
Mundaka (Bizkaia). Argazkia: Julio Mendia

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eguzkia nagusitu da ostiral goizean, eta tenperatura altuak eta zeru oskarbiak izan dira. Datozen orduetan, ordea, ezegonkortasuna areagotu egingo da. Ildo horretatik, zaparrada trumoitsuak izan daitezke eta txingorra ere egin dezake, 3 zentimetrotik gorakoa, EITB Mediaren meteorologia zerbitzuak jakitera eman duenez.

Tenperatura maximoak 30 ºC-tik gorakoak izan daitezke barnealdean, eta 25-27 ºC-koak kostaldean. Termometroak 34 ºC-ra irits daitezke Iruñean, 33 ºC-ra Gasteizen, 28 ºC-ra Bilbon eta 26 ºC-ra Donostian.

Arratsaldean, aldaketak espero dira, hodeiak agertu eta zaparrada trumoitsuak izango baitira lurraldearen zati handi batean. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du gaurko, 18:00etatik 24:00etara, ordubetean metro koadroko 15 litro baino gehiago bota ditzakeelako. Erriberan eta Nafarroako erdialdean ere, Aemetek ohartarazi du 17:00etatik aurrera ekaitzak, txingorra eta haize-bolada oso gogorrak izan daitezkeela.

Bihar, larunbata, egun goibela izango dugu, eta euria edo zirimiria egin dezake ipar partean, baita hegoaldeko zenbait tokitan ere; beraz, giro freskoa eta hezea nagusituko da. Tenperaturak nabarmen jaitsiko dira, eta 20 ºC-ren bueltan ibiliko dira ia lurralde osoan; Nafarroako hegoaldean bakarrik iritsiko dira 25 ºC-ra. Ipar-mendebaldeko haizea indartu egingo da.

Igandean, orduak igaro ahala, hobera egingo du, eta hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira arratsaldean. Goizean, euria egin dezake isurialde atlantikoan, batez ere goizaldean eta goizean goiz. Hala ere, tenperaturak apur bat igoko dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Iruñea Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Alerta meteorologikoak Euskal Autonomia Erkidegoa Denboraleak Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak