Gizartea -
Polizia-operazioa
Zazpi pertsona atxilotu dituzte Barakaldon, Basaurin eta Irunen, lau erkidegotan egindako lapurretekin lotuta
Agenteek hiru kilo marihuana, bitxiak, arma laburreko kartutxoak eta mugikor ugari atzeman dituzte. Zehazki, Barakaldon, Beasainen eta Irunen egin dituzte miaketak.
Agentziak | EITB MEDIA
Guardia Zibilak zazpi pertsona atxilotu ditu Barakaldon, Basaurin eta Irunen, talde kriminaleko kide izatea eta lehenago Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), Kantabrian, Asturiasen eta Gaztela eta Leonen egindako hainbat lapurretekin lotutako errezibitze delituak egotzita.
Polizia-operazio horretan, agenteek hiru kilo marihuana, bitxiak, arma laburreko kartutxoak eta mugikor ugari atzeman dituzte. Zehazki, Barakaldon, Beasainen eta Irunen egin dituzte miaketak.
2023an, Guardia Zibilak hainbat pertsona atxilotu zituen Kantabrian, indarra erabiliz lapurretak egitea leporatuta. Hain zuzen ere, EAEn, Kantabrian, Asturiasen eta Gaztela eta Leonen egin zituzten lapurretok.
Atxilotuek hainbat motatako lapurretak egiten zituzten. Elikagaien biltegietan askotariko produktuak lapurtzen zituzten eta gasolindegietan eta denda txikietan ere hainbat lapurreta egin zituzten. Horrez gain, kutxa erregistratzaileak edo txanpon-makinak bilatzen zituzten, eta askotan etxebizitzetan sartzen ziren dirua eta balio handiko gauzak lapurtzeko.
Batzuetan, bizilagunak barruan aurkitzen bazituzten, indarkeria erabiltzen zuten, bitxiak edo baliozko beste objektu batzuk hartzen zituzten, baita ehiztarien su-armak ere. Lapurreta horiek egiteko, aurretik lapurtutako ibilgailuak erabiltzen zituzten.
Lapurtutako objektu gehienak Bizkaiko udalerrietan saltzen zituzten, aurretik aipatutako autonomia-erkidegoetan lapurretak egin zituzten gaizkile talde bereko pertsonek.
Guardia Zibilak hainbat delitu egotzi dizkie pertsona horiei, lapurtutako gauzak biltzeaz gain; hala nola osasun publikoaren aurkako delitua, fluido elektrikoari iruzur egitea, animaliei tratu txarrak ematea, dokumentuak faltsutzea, nortasuna usurpatzea eta bide-segurtasunaren aurkako delitua.