Gizartea -
Migrazioa
Asiloa ukatu diote Bilboko Aireportuan 10 egun daramatzan gizon sahararrari
Zehar-Errefuxiatuekin elkarteko presidentearen arabera, tramitazioa oraindik ez da ebatzi, baina asilo-eskaeraren hasierako ukapena ez da aldatu oraingoz. Gauzak horrela, Poliziak uste du deportatzeko aukera duela.
Agentziak | EiTB Media
Espainiako Barne Ministerioaren Asilo eta Babeserako Bulegoak asiloa ukatu dio Bilboko Aireportuan 10 egun daramatzan gizon sahararrari, Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzak jakinarazi duenez.
Aipaturiko gizona duela 10 egun iritsi zen Marokotik Bilborako hegaldi batean, eta ez omen zuen sartzeko baimenik. Lur hartutakoan saharauiarra zela esan eta asiloa eskatu zuen arrazoi politikoengatik. Geroztik, Bilboko Aireportuko onartu gabekoen gelan zegoen. Antza denez, ostegun honetan deportatuko dute Marokora.
Testuinguru horretan, Javier Galparsoro Zehar-Errefuxiatuekin elkarteko presidenteak prentsaurrekoa eskaini du gaur, gertatutakoaren nondik norakoak azaltzeko. Sahararrak 20 urte ditu, pasaportea indarrean du eta Habanara zihoan hegaldi baten lehen eskalan iritsi zen Bilbora. Helmugara heldu aurretik, ordea, beste eskala bat egin behar zuen Madrilen.
Espainiako Poliziak Bilbon sartzea ukatu zion, eta egoera horren aurrean, Bizkaiko hiriburuan asiloa eskatzea erabaki zuen gazteak. Une horretan, sarrera ukatzen zion jakinarazpena eten egin zen, eta haren asilo eskaera Madrilera igorri zuten.
"Asilo eta Babeserako Bulegoak lau eguneko epea du asilo-eskaera onartu den edo ez jakinarazteko, bai eta eskaera ukatu den erabakitzeko ere. Hasiera batean, ukatu egin zioten asiloa, eta haren egoera berriro aztertzeko eskatu zuen. ACNURek adierazi duenez, sahararra den heinean, asilo-eskubidea du eta Aberrigabeen Estatutuari atxikitzea eska dezake, beste araudi batek arautzen duena", azaldu du Galparsorok.
Zehar-Errefuxiatuekin elkarteko presidentearen arabera, tramitazioa oraindik ez da ebatzi, baina asilo-eskaeraren hasierako ukapena ez da aldatu oraingoz. Gauzak horrela, Poliziak uste du deportatzeko aukera duela.
Marokora iristen denean espetxeratua izateko beldur da gaztea, jazarritako ekintzaile politikoa dela ziurtatu baitu. Hori dela eta, deportazioa eteteko eskatu dio Espainiako Gobernuari, aberrigabeko estatutuaren eskaerak martxan jarraitzen duen bitartean.
Aldi berean, Galparsorok iragarri du "talde juridikoa helegite sorta bat planteatzen ari dela Auzitegi Nazionalean, asiloa ukatzearen aurka". "Kautelazko neurria aintzat hartzea eta Espainian behin-behinean sartzeko baimena ematea espero dugu, denbora gehiago beharko baita asiloa ukatzearen aurkako errekurtsoaren zain eta aberrigabearen eskaeraren ebazpena emateko", esan du.
Gauzak horrela, gazte sahararra errefuxiatua dela egiaztatzen duten agiri gehiago aurkezteko aukera ematea eskatu du Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak. Zuzenbideko ikaslea da bera, eta Frantzian errefuxiatu gisa hartutako senideak ditu.
Azken orduko erabakiren bat hartu ezean, gizona ostegun honetan deportatuko dute Loiuko aireportutik irtengo den hegaldi batean, 07:00etan, Marokora bidean.