Gizartea -
Eguraldia
Prezipitazioak eten dira, ordubetean metro koadroko 30 litro baino gehiago pilatu ondoren
Igandean, zeruak hodeitsu jarraituko badu ere, tarteka ostarteak irekiko dira. Kantauri isurialdean giroa lasaia izango da eta Mediterraneo isurialdean, aldiz, ezegonkortasun apur batekin jarraituko dugu.
EITB MEDIA
Azken orduotan izandako prezipitazio iraunkorrek ordubetean pilatutako ur-kopuruaren aurreikuspenak gainditu dituzte. Ordubetean metro koadroko 30 litro baino gehiago metatu dira Zizurkilen (Gipuzkoa), eta 25 litro baino gehiago Andoainen, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak larunbat honetan jakitera eman duenez.
Goizean goizetik, euria gogor egiten ari da Gipuzkoako zenbait zonaldetan. Denbora aurrera joan ahala, Gipuzkoako ipar-ekialdeko ekaitzak mendebalderantz mugitu dira, eta Bizkaia hartu dute.
Hala, zaparrada trumoitsuak izan ditugu, bereziki indartsuak Kantauri isurialdean, eta Bizkaian zein Gipuzkoan euri-zaparradengatik ezarritako abisu horia 12:00ak arte egon da indarrean.
Bereziki bortitza izan dira euri-zaparradak Gipuzkoan; izan ere, bertatik sartu da ekaitza. Euskalmetek partekatutako datuen arabera, azken orduetan erregistratutako prezipitazioek gainditu dute metatutako eurien aurreikuspena:
- Zizurkil: 30,4 litro metro koadroko.
- Andoain: 25,4 l/m2.
- Lasarte: 24,3 l/m2.
- Altzola: 23,5 l/m2.
- Miramon: 21,8 l/m2.
Arratsaldetik aurrera atertuz joan da eta egunaren amaieran hainbat tokitan ateri eutsiko dio, ostarte batzuekin agian. Igandean, zeruak hodeitsu jarraituko badu ere, tarteka ostarteak irekiko dira. Kantauri isurialdean giroa lasaia izango da eta Mediterraneo isurialdean, aldiz, ezegonkortasun apur batekin jarraituko dugu.
Hala, Araba eta Nafarroa erdi eta hegoaldean goizean zaparrada bakanen bat bota dezake baina arratsaldean zaparradak botatzeko probabilitatea handiagoa izango da eta ekaitzak jo dezake eta baliteke zaparrada handiren bat botatzea.
Haizea ahul eta aldakor ibiliko da eta arratsaldean iparraldetik suabe ibiliko da. Tenperatura maximoak berdintsu edo graduren bat gorago geldituko dira.
Astelehenean, berriz, giro motela espero da Kantauri isurialdean eta eguraldi argiagoa hegoaldean. Ipar partean hodeitsu egongo da zerua momentu askotan eta ez da baztertzen zirimiria egitea han-hemenka.
Hegoaldean, aldiz, egunsentiko hodeiguneak xurgatu ostean, giro argia nagusituko da. Ipar-mendebaldeko haizea apur bat zakartuko da arratsaldera begira, eta ziertzoak enbarazu egingo du Ebro ibarrean. Tenperaturan aldaketa gutxi; maximoek Nafarroa hegoaldean bakarrik gaindituko dituzte 25 °C-ak.