Gizartea -
DROGEI BURUZKO TXOSTENA
Drogen kontsumoak % 20 egin du gora azken hamarkadan
Drogei buruzko Munduko Txostena 2024 kaleratu du gaur NBEk. Estupefazienteen kontsumitzaileen kopurua nabarmen hazi dela dio ikerketak, eta, bereziki, opioide sintetikoak aipatzen ditu, "osasun publikoarentzat arrisku larria" direla ohartaraziz.
EITB MEDIA
292 milioi pertsonak kontsumitu zuten drogaren bat 2022an munduan, orain hamar urteko datuekin alderatuta % 20 gehiago. Kalamua da gehien kontsumitzen dena (% 78), baina oso deigarria da, covid-19aren pandemiaz geroztik, kokainaren produkzioak eta kontsumoak izan duten gorakada, inoizko handiena.
Ondorio horiek utzi ditu, besteak beste, Nazio Batuen Erakundearen Drogen eta Delituen Bulegoak gaur zabaldu duen Drogei buruzko Munduko Txostena 2024 ikerketa-lanak. Ohiko droga kontsumitzaileak eta lehen aldiz probatu dutenak hartu dira kontuan, datu-bilketan. Datu orokorren arabera, kalamuak ditu kontsumitzale gehien (228 milioi), eta atzetik daude opioideak (60 milioi), anfetaminak (30 milioi), kokaina (23,5 milioi) eta estasia (20 milioi).
Ondorengoak dira azterlanaren lerroburu nagusiak:
- 292 milioi pertsonak kontsumitu zuten drogaren bat mundu osoan 2022an. Aurreko urteko (2021) datuekin alderatuta % 1,3 jaitsi bazen ere kopurua, azken hamarkadan % 20 egin du gora kontsumoak.
- Drogen ondorioz osasun-nahasmendua duten 64 milioi pertsonetatik soilik % 9 ari dira tratamendua jasotzen, eta horietatik gehienak gizonezkoak dira. Oro har, emakumeek zailtasun handiagoak dituzte terapia egokiak jasotzeko.
- Droga kontsumitzaile guztien % 75 gizonezkoak dira, eta % 25, emakumeak. Halere, azken horiek GIB birusa kutsatzeko duten aukera % 1,2 handiagoa da, gizonek baino.
- Alde handiz, kalamua da gehien kontsumitzen den droga, % 78, eta ondoren daude apioideak (% 20), anfetaminak (% 10), kokaina (% 8) eta estasia (% 7).
- Koka-hostoaren produkzioa % 12 hazi zen 2021 eta 2022 urteetan; 2.757 milioi tonara iritsi zen ekoizpena, 2021an baino % 20 da hori. Orain arteko markak hautsi ziren.
- Estupefazienteen kontsumitzaileen kopurua nabarmen hazi dela dio ikerketak, eta, bereziki, opioide sintetikoak aipatzen ditu, "osasun publikoarentzat arrisku larria" direla ohartaraziz.
- Droga psikodelikoen "berpizkunde" baten aurrean dago mundua, txostenaren arabera. Droga horien erabilera legeztatu den herrialdeetan substantziok "osasun tratamenduetarako eta esperientzia espiritualetarako" erabiltzen badira ere, NBEk nabarmendu du ez dagoela baieztatuta osasunerako medesegarriak direnik.
- Tramadola eta fentaniloa bezalako opiazeoen kontsumoa nabarmen hazten ari dela ere badio azterlanak, bereziki, Afrikan eta Estatu Batuetan.