Gizartea -
Eliza katolikoa
Burgosko Artzapezpikutzak ekintza legalak hasiko ditu klaratarrek Beloradoko monasterioa uzten ez badute
Mario Iceta Burgosko artzapezpikuak iragarri du beharrezkoak diren legezko neurriak hartuko direla hamar "moja ohiek" ez badute komentua borondatez uzten "zentzuzko" epe batean.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Burgosko Artzapezpikutzak Justiziara joko du Beloradoko hamar moja klaratar ohiek, larunbatean eskumikatuak, beren borondatez monasterioa uzten ez badute. Mario Icetak, Burgosko artzapezpikuak, "zentzuzko" epea eman die, eta prozesua "baketsua eta lasaia" izatea espero du. Hala ere, ez du zehaztu zenbat denbora izango den. Neurri legalak hartu aurretik beraiek monasterioa uztea espero du, izan ere, azpimarratu duenez, "haien esku dago".
Artzapezpikuak azaldu duenez, hamar moja ohiek "ez dute monasterioetan egoteko legezko eskubiderik, eta, beraz, alde egin behar dute". Elizatik irtetean "monasterioak ere utzi" behar dituztela azaldu du, "elizaren ondasunak" baitira.
Bestalde, kontu korronteetako saldoak "eskasak eta txikiak" direla ikusi dute, ez baitira nahikoa ohiko ordainketei aurre egiteko. Ez dira 6000 eurotik gorakoak 10 kontuetako bakar batean ere. Arantzazuko Klaratarren Federazioak beste monasterio batzuetako funtsak transferitzea aurreikusi du, saldo nahikoa egon dadin.
Mario Icetak azpimarratu du eskumikua "itzulgarria" dela, betiere moja ohiek barkamena eskatzen badute eta Eliza katolikora itzultzeko izapide guztiak egiten badituzte. Adierazi duenez, "Eliza gogotsu dago behin hausnartu eta konturatuta itzul daitezen".