Gizartea -

Hezkuntza

Ikastolen zazpigarren batzarra ospatu du Ikastolen Elkarteak

"Biharko ikastolak biharko Euskal Herria eraikitzeko" lelopean, Euskal Herriko 114 ikastoletako ordezkariak elkartuko dira, hurrengo urteetara begira, erabaki estrategikoak aztertzeko eta etorkizuneko ildo berriak finkatzeko.

Ikastolen Elkartea, Iruñean egindako ekitaldian. Argazkia: Ikastolen Elkartea.
Ikastolen Elkartea, Iruñean egindako ekitaldian. Argazkia: Ikastolen Elkartea.
Ikastolen Elkartea, Iruñean egindako ekitaldian. Argazkia: Ikastolen Elkartea.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ikastolen Elkartea osatzen duten 114 ikastolek 7. batzarra ospatu dute, Iruñean, hurrengo 8-10 urteetako erronkei aurre egin eta helburu nagusiak ezartzeko. "Biharko ikastolak biharko Euskal Herria eraikitzeko" lelopean, erabaki estrategikoak aztertzeko eta etorkizuneko ildo berriak finkatzeko aritu dira.

15 urte pasa dira jada ikastolek azken batzarra egin zutenetik. Oraingo honetan, "biharko ikastolak" irudikatzeko unea dela adierazi du elkarteak: "Izan ere, gizarteak aldaketa asko izango ditu datozen urteetan eta horietara egokitu beharra dago".

Gai ugari izan dituzte aztergai batzarrean: atzerriko ikasleen beharrak, pedagogia, ikasmateriala, digitalizazioa, etab. Hain zuzen, hauek izan dira hartutako erabakiak:

- Ikastola-ereduaren aldeko hautua berretsi eta indartu

- Ikastolen mugimendua indartzea erabaki

- Euskal Hezkuntza sistema burujabea eraikitzeko ekarpenak egiten jarraitzeko engaiamendua hartu

- Euskal Herri osoari erantzuteko egitasmo nazionalak indartu eta berriak sortzea deliberatu

- Euskal Herrian bizi diren ikasle guztientzako aukera erreala izateko neurriak hartzeko konpromisoa berretsi dugu".

- Ikastolen mugimendua osatzen duten pertsona guztiak erdigunean jarri

- Hezkuntza Proiektua sendotzeko bideak zehaztu. Hasi, euskal curriculuma eguneratzetik, ikasmaterialen nolakotasunarekin jarraitu eta digitalizazioan burujabetzarako eta tresna digitalen integrazio pedagogikoaren inguruko posizioa hartuz

- Hezkuntza formaletik haratago hezkuntza ez formalean ere hezkuntza-proiektua garatzearen aldeko hautua indarrez berretsi

- Euskal kulturaren sorkuntzan eta transmisioan lan-ildo berriak jorratu, eta Euskal Herri osorako euskararen ofizialtasuna aldarrikatu

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Lege berriak titulartasunaren inguruan piztu duen eztabaidaz galdetuta, ikastolen "eredu propioa" aldarrikatzen jarraituko dutela azpimarratu du Nekane Artolak, Ikastolen Elkartearen lehendakariak, batzarraren aurretiko adierazpenetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea bideoak Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza sistemako albisteak