Gizartea -
Polizia operazioa
Arautu gabeko produktu fitosanitarioak saltzen zituen sare bat desegin dute Irunen
26 tona atzemateaz gain, 22 pertsona atxilotu dituzte. Ikerketaren arabera, Irunen eta inguruetan gordetzen zituzten produktuak, gero interneten saltzeko.
Agentziak | EiTB Media
Guardia Zibilak eta Gendarmeriak produktu fitosanitario arautu gabeak saltzen zituen talde bat desegin du Irunen, Europolek koordinatutako operazio batean. Guztira, 22 pertsona atxilotu eta 26 tona atzeman dituzte.
Espainiako Barne Ministerioak ohar bidez jakinarazi duenez, 'Kaltegarria' izena jarri dioten polizia operazioaren baitan bost miaketa egin dituzte, horietako bat Okzitaniako Castres udalerrian.
Talde kriminaleko kide izatea ez ezik, baliabide naturalen eta ingurumenaren aurkako delituak, osasun publikoaren aurkako delituak, hondamen arrisku delitua, dokumentuak faltsutzea eta kapitalak zuritzea leporatzen diete.
Aipaturiko antolakundearen buruak hiru anaia ziren, Guardia Zibilaren arabera. Hiru horietako bat interneteko salmentaz arduratzen zen eta beste biak, berriz, produktu kimikoak biltegiratzeaz eta banatzeaz.
Ikerketan parte hartu duten agenteek ondorioztatu dutenez, materiala Irunen dagoen enpresaren egoitzan eta inguruan dagoen biltegi batean gordetzen zuten, gero interneten bidez saldu eta Europan barrena banatzeko.
Produktu kimikoak legez kanpo salduta bost milioi inguruko irabaziak lortu dituztela uste dute ikertzaileek.