Gizartea -
EPAIA
EAEko Auzitegi Nagusiaren arabera, posible da seme edo alaba bat herentziarik gabe uztea
Bergarako alargun baten testamentua aztertuta hartu du erabakia. Bost seme-alaba zituen, eta 2016ko irailean hil zen. Horietako lauri senipartea ukatu zien, eta alaba bakarra izendatu zuen oinordeko.
Agentziak | EITB MEDIA
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak berriki emandako epai baten arabera, posible da seme edo alaba bat herentziarik gabe uztea. Zehazki, Bergarako (Gipuzkoa) alargun baten testamentuaren kasua aztertuta hartu du erabakia. Bost seme-alaba zituen, eta 2016ko irailean hil zen. Horietako lauri senipartea ukatu zien (herentziaren herena), eta alaba bakarra izendatu zuen oinordeko.
Gauzak horrela, emakume horren lau semek ez dute haren senipartea lortzeko eskubiderik, urte horretara arte indarrean zegoen Kode Zibila betez amak horretara behartuta egon baitzen. Epaiak zehazten duenez, ezin da aurkako errekurtsorik jarri.
Oinordekoa 2018an joan zen notariotzara, eta amaren etxebizitza baten jabe bakar esleitu zen. Anaietako bik helegitea jarri zuten auzitegietan, eta demanda aztertu zuten Durangoko Lehen Auzialdiko 1 zenbakiko Epaitegiak eta Bizkaiko Auzitegiko Hirugarren Sekzioak. Biek eman zieten arrazoia anaiei.
Alabaina, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak onartu egin du oinordekoaren kasazio-errekurtsoa, eta atzera bota du eskritura baliogabetzea eskatzen zuten anai-arreben demanda. Epaiaren arabera, testamentuaren inguruabarrak, seniparteen kasuan, Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko Legearen "argitan" aztertu behar dira, lege hori kausatzailea hil zenean indarrean baitzegoen, eta ez Kode Zibilaren arabera, 2015ean Euskal Auzotasun Zibilari buruzko Legeak ordezkatu baitzuen.
"Ondorioztatu behar dugu testamentugilearen nahia bere seme-alaba gehienak baztertzea zela, hori posible izan balitz, edo, behintzat, ondorio hori kontrakoa baino askoz ere zentzuzkoagoa dela; izan ere, legeak behartzen zion gutxienekoa utzi zien, eta, gainera, haren herentzia dirurik gabe uzten saiatu zen, gutxieneko hori ere jaso ez zezaten", nabarmendu du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak.