Gizartea -
PISA TXOSTENA
Ikasle nafarrak EBkoen gainetik daude sormenean; EAEkoak, hortik behera
Foru Erkidegoko 15 urteko ikasleek 60tik 33,5eko puntuazioa eskuratu dute pentsamendu sortzailean, Europar Batasuneko batezbestekotik (32,1) gora. EAEkoak Espainiako Estatuko azkenengo postuetan geratu dira, 31,9ko notarekin.
EITB Media
Nafarroako ikasleak Europar Batasuneko (EB) kideen gainetik daude sormenari dagokionez, Ekonomia-Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak egindako PISA txostenaren arabera. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikasleak, aldiz, batezbesteko horretatik behera geratu dira.
2022ko PISA txostenak (iazko abenduan kaleratu zuten) 64 herrialdetako 15 urteko ikasleen sormen maila neurtu du, lehen aldiz. Besteak beste, matematikako buruketak egiterakoan edo idazmenean ideia propioak sortzeko gaitasuna, eta eguneko arazoei aurre egiterakoan konponbide originalak topatzeko gaitasuna ebaluatu dute. Hain justu, gaur argitaratu ditu txostenaren bigarren zati horretako emaitzak Lankidetzarako Erakundeak.
Datuen arabera, Foru Erkidegoko ikasleek 33,5 nota lortu dute (60tik), Europar Batasuneko batezbestekotik gora (32,1); Lankidetzarako Erakundeko kide diren 38 herrialdeen batezbestekoa (32,7) ere gainditu dute nafarrek. Espainiako Estatuko (32,8) puntuazio onenaren zerrendan bostgarren postua eskuratu du Nafarroak, eta Frantziako Estatuko batezbestekotik gora (32,4). Bestelakoa da EAEko puntuazioa (31,9), eta Espainiako Estatuko erkidegoen artean atzetik hasita bostgarren geratu da.
Munduko emaitza onenak Korean erdietsi dituzte (38,1), eta Europar Batasunean, Estoniak lortu du puntuazio onena (35,9 puntu). Zerrendako beheko postuetan geratu dira, bestalde, Bulgaria (20,7) edo Zipre (23,7).
Aurrekoek baino emaitza kaskarragoak utzi zituen 2022ko PISA txostenak, oro har, erkidego guztietan (EAE eta Nafarroa tartean) baina baita mundu zabalean ere —Japonia eta Korea izan ziren salbuespena—. Maila akademikoaren beherakada pandemiari egotzi zioten adituek.