Gizartea -

Sexu-transmisioko infekzioak

Gonorrea eta klamidia kasuek gazteen artean "ikaragarri gora egin dute" azken lau urteetan, EAEn

Iaz, Osakidetzak 1.484 chlamydia kasu, 1.109 gonorrea kasu eta 274 sifilis kasu diagnostikatu zituen. Eusko Jaurlaritza sexu-hezkuntzako programa berri bat prestatzen ari da datorren ikasturtean ezartzeko.

Gizon bat sifilis infekzio batekin. Irudia: Wikimedia Commons
Gizon bat sifilis infekzio batekin. Irudia: Wikimedia Commons
Gizon bat sifilis infekzio batekin. Irudia: Wikimedia Commons

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Klamidiak eta gonokokoak (gonorrea) eragindako infekzio kasuak "izugarri igo dira" azken lau urteetan Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), batez ere 25 urtetik beherakoen artean. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritza sexu-hezkuntzako programa berri bat prestatzen ari da datorren ikasturtean ezartzeko.

Iaz, Osakidetzak 1.484 klamidia kasu, 1.109 gonorrea kasu eta 274 sifilis kasu diagnostikatu zituen, Hiesaren eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Planaren 2023ko Memoriaren arabera. Osasun Sailak gaur eman ditu datu horiek.

Sexu-transmisioko infekzioek urteak zeramatzaten gorantz, baina 2021etik "ikaragarri gora egin dute". Hala, klamidiaren infekzio-tasa ia bikoiztu egin da 2020 eta 2023 artean, 100.000 biztanleko 57,55 kasutik 106,93ra igaro baita. Gonorrearen kasuan, igoera are handiagoa izan da: 2020an 100.000 biztanleko 27,55 kasu izatetik 2023an 79,07 izatera.

Nolanahi ere, gorakada urrunetik dator. Horrela, duela hamarkada bat, 2014an, klamidiagatiko infekzio-tasa 31,53koa zen (orain hirukoitza baino gehiago da), gonorrearena 12,20koa (egungoa baino zazpi aldiz gutxiago) eta sifiliarena 3,50ekoa 100.000 biztanleko (orain 14,48koa da).

GIBari dagokionez, iaz 134 kasu berri diagnostikatu ziren EAEn, eta horietatik % 12,7 25 urtetik beherakoak izan ziren. Guztira, 6.351 paziente antirretrobiralekin tratatu ziren, eta horrek 19 milioi euro inguruko gastua ekarri zuen.

25 urtetik beherakoen artean eragin handiagoa

Sexu-transmisioko infekzioek genero eta adin guztietako pertsonei eragiten dieten arren, eragin handiagoa dute 25 urtetik beherakoen artean. 10-24 urteko taldean, klamidia-tasa adin-tarte guztietako handiena da, 100.000 biztanleko 527,98 kasurekin; ondoren, 25-34 urteko taldea dago, 408,88ko tasarekin.

Antzeko zerbait gertatzen da gonorrearekin: 100.000ko 361,74 kasuko tasa da 20-24 adin tartean, eta 297,72koa 25-34 urtekoen taldean.

Datorren ikasturteari begira, Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Hezkuntza sailak lanean ari dira sexu-hezkuntzako programa berritzeko eta hobetzeko.

Gainera, herritar guztiak, baina batez ere gazteak, sentsibilizatzeko, aurtengo udan 'Ez egin matchik STIekin' kanpaina berriro jarriko dute martxan. Kanpaina horren helburua sexu-transmisiozko infekzioak ikusaraztea da, batzuetan sintomarik azaltzen ez dituztela ohartaraztea eta preserbatiboa babesteko modurik onena dela gogoraraztea.

Kanpainako kartela. Irudia: Irekia

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Euskal Autonomia Erkidegoa gaur Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Gazteak