Gizartea -
Zeharren urteroko txostena
Espainia izan zen iaz asilo eskari gutxien onartu zituen EBko estatua, eskari kopuruan hirugarrena izan arren
Estatu espainiarrean asilo eskaeren % 12 onetsi ziren 2024an, Europako batez bestekoaren 30 puntu azpitik.
Agentziak | EiTB Media
2023an Espainia izan zen asilo eskari gehien jaso zituen Europar Batasuneko hirugarren herrialdea (163.220), baina baita onarpen tasa txikiena izan zuena ere. Izan ere, aldeko ebazpenen portzentajea % 12koa izan zen, Europar Batasuneko batez bestekoa baino 30 puntu apalagoa.
Zehar - Errefuxiatuekin gobernuz kanpoko erakundeak gaur goizean aurkeztu duen urteroko txostenaren arabera, erantzunaren zain jarraitzen duten pertsonen kopurua % 56 hazi da urtebetean, 191.095eraino.
Iaz, arrazoi ezberdinengatik, Espainian babesa eskatu zuten pertsonen kopurua % 37,3 igo zen, inoizko kopururik handienera iritsi arte. Kopuruak nabarmen egin du gora, Zeharren esanetan, prozedura aurrera eramateko "oztopo larriak" gorabehera.
Monica Lopez Zeharren zuzendariak azpimarratu duenez, iaz Espainia izan zen asilo eskari gehienen ebatzi zituen Europar Batasuneko hirugarren herrialdea, Alemaniaren (351.510 eskari) eta Frantziaren (166 880) atzetik. Aitzitik, "oso bestelakoa" bere onarpen tasa.
2023an 2022an baino asilo eskari gutxiago onartu zituzten Espainiako Estatuan, % 16,5etik % 12ra jaitsi baitzen indizea. Horri lotuta, onarpen tasan "benetan baxua" dela nabarmendu du Mauricio Valiente Zeharreko zuzendari nagusiak.