Gizartea -
35. EDIZIOA
Gipuzkoako Eskola Txikien Festa ospatuko dute igande honetan Adunan
Duela 27 urte, 1997an, hartu zuen Adunak azken aldiz eskola txikien festa. Orduan ikasle gutxi zituzten, baina gaur egun 54 ikasle dituzte: 16 HHn eta 38 LHn.
EITB MEDIA
Gipuzkoako Eskola Txikien 35. Festa ospatuko dute igande honetan Adunan, "Eskola txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik" leloarekin. Izan ere, herrietan eta auzoetan eskola izateak duen garrantzia aldarrikatu nahi dute oraingoan.
Itsaso Noval Adunako eskolako zuzendariak eskola txikiek herri eta auzoei "bizia" ematen dietela nabarmendu zuen jaia aurkezteko egunean. "Aniztasunean, euskaraz, familia giroan eta naturarekin harremanetan hezten dira. Horrez gain, teknologia berrietan eguneratuak gaude eta kalitatezko heziketa eskaintzen dugu", esan zuen.
Ildo berean, Kristina Rodriguez Adunako alkateak azpimarratu zuenez, "gure seme-alabek euskaraz ikasi eta bizitzeko lagungarri izateaz gain, gure baloreak belaunaldiz belaunaldi transmititzeko ezinbestekoak dira".
Adunako eskola 1976-1977 ikasturtean hasi zen euskaraz irakasten, udaletxe azpiko lokalean. 1995ean egin zen gaur egungo eraikina. Irakasle gehiago eta espezialistak hasi ziren lanean, bi gelako eskola bazen ere, ume gutxi zebilen eta ez zegoen jangelarik. 2001ean zabaldu zuten, 7-9 umerekin, bai jangela, baita siesta egiteko gela ere. Gaur egun, 54 ikasle ditu: 16 Haur Hezkuntzan eta 38 Lehen Hezkuntza.
Egun osoko egitaraua prestatu dute adunarrek igande honetarako, eta Gipuzkoako gainerako eskola txikietakoak gonbidatu dituzte bertara. 27 eskolak osatzen dute gaur egun Gipuzkoako eskola txikien sarea.
10:30 – 11:00. Harrera ekitaldia.
11:00 – 13:00. Zirkuola.
11:00 – 12:30. Sagarraren ibilbidea eta Txiki zumba. (11:30ean, bisita gidatua, eta, bestela, egun osoan zabalik).
11:00 - 13:00. Puzgarria eta ur jolasak.
13:00 – 14:00. Sagar eta lekuko aldaketa ekitaldia.
14:00. Bazkaria eta bingo musikatua.
14:30 – 17:30. Txiki Txoko: egurrezko jolasak, eskulanak eta tailerrak, saharar haima, makillajea, ile-apaindegia, argazki gunea, pottokak eta punteria jolasak.
17:30. Bukaerako ekitaldia Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin.