Gizartea -
Eguraldia
Argitzera egingo du, asteburuak aurrera egin ahala
Larunbat goiza hodeitsua eta freskoa izango da, baina eguerditik aurrera, hodeiak saretzen joango dira eta eguzkia ikusteko aukera izango dugu. Igandean, giro dotorea izango da nagusi, 23-27 °C-ko maximoekin.
EITB Media
Ekaina izanagatik, eguzkia eta beroa ia sumatu ezinda gabiltza azkenaldian. Bada, larunbat eguerditik aurrera beroa igartzen hasiko garela iragarri du EITBko Meteorologia zerbitzuak.
Ostiral arratsaldean, fronte batek bete-betean harrapatuko gaitu, eta, ondorioz, euri kontuak eta tenperatura beherakada izango dira datozen orduetako protagonistak. Giro goibel horrekin jarraituko dugu larunbat goizean ere. Goizaldean eta goizean, goiz hodei dezente izango ditugu zeruan, eta euri apur bat egin dezake isurialde atlantikoan, batez ere lurraldearen ekialdean: Gipuzkoan eta Ipar Euskal Herrian. Dena dela, orduek aurrera egin ahala, hodei geruza saretzen joango da, eta ostarteak gero eta zabalagoak izango dira. Tenperaturari dagokionez, maximoek ez dituzte, oro har, 20 ºC-ren langa gaindituko. Haizeak ipar-mendebaldetik eta iparraldetik joko du, eta horrek giroa freskatuko du.
Igandean, ukitu atsegina izango du aroak: eguzkitsu egongo da eta tenperaturek gora egingo dute. Tenperatura altuenak 23-25 ºC-ra iritsiko dira kostaldean, eta 26-27 ºC-ra barnealdean. Erriberan, are gorago igoko dira termometroak, 30 ºC-ren bueltan errendituta. Zeruan goi-hodei batzuk agertuko dira goizean, eta ez da guztiz urdin egongo, baina eguzkiaz gozatzeko aukera izango da.
Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena, eta bidali zure argazkiak eta bideoak.