Gizartea -
Indarkeria matxista
Genero indarkeriagatik jarritako salaketak % 44 igo dira Nafarroan eta % 9 EAEn 2024ko lehen hiruhilekoan
Nafarroak du 10.000 emakumeko genero indarkeria tasa altuena Espainiako Estatuan: 30,1.
EITB Media
2024ko lehen hiruhilekoan, iazko epe berean baino salaketa gehiago jarri dira genero indarkeriagatik Hego Euskal Herrian, Etxeko eta Genero Indarkeriaren aurkako Behatokiak ostiral honetan zabaldutako datuen arabera. Nafarroan 1.033 salaketa jarri dira (iaz, 717), % 44,1 gehiago, eta EAEn, berriz, 717, % 9,2, gehiago.
Biktimen jatorriari dagokionez, Nafarroan, 794 espainiarrak izan dira (aurreko urtean baino % 137 gehiago, orduan 335 izan baitziren) eta 239 atzerritarrak (duela urtebete 382). Bestalde, EAEn, 940k Espainiako nazionalitatea dute, hau da, % 10,7ko igoera 2022ko lehen hiruhilekoaren aldean, eta atzerriko nazionalitatea dutenak 635 izan dira, % 0,9 gutxiago.
Hain zuzen ere, Nafarroa da 10.000 emakumeko genero indarkeria tasa altuena duen erkidegoa: 30,1. EAE, ostera, Estatuko batezbestekoaren (15,5) azpitik kokatu da, 13,8koa izan baita bertan.
Halaber, lehen hiruhilekoan, Nafarroako emakumeen aurkako indarkeriaren epaitegiek 150 babes neurri eskatu dituzte, aurreko urteko epe berean baino % 63 gehiago, eta horietatik 127 onartu dira. EAEn, emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegiek 244 babes agindu abiarazi dituzte aurtengo lehen hiruhilekoan, 2023ko aldi berean baino % 3,6 gutxiago, eta 153 onartu dira.
Bestalde, urtarriletik martxora 96 pertsona epaitu dituzte Nafarroako emakumeen aurkako indarkeriaren epaitegiek (97 epaitu zituzten iaz epe berean), eta horietatik 94 zigortu dituzte. EAEn, ostera, 361 pertsona epaitu dituzte, 2023an baino % 10,4 gehiago, eta horietatik % 96,4 zigortu (–% 0,9).
Espainiako Estatuan 45.899 salaketa zenbatu dituzte urteko lehen hiruhilekoan, iazko epe berean baino % 1,17 gutxiago, orduan 46.443 izan baitziren. Biktimak % 3,28 gutxiago izan dira, 43.580, duela urtebete 45.060 zenbatu baitziren.