Gizartea -

Administrazio Publikoa

Sindikatuek begi onez hartu dute interinoen inguruan Europako Auzitegiak ebatzitakoa

Interinok Taldeak, LABek eta ELAk aho batez esan dute administrazioek urtetan ezarritako praktika okerra izan dela, eta norabide onean doan erabakia izanagatik, pauso gehiago behar direla azaldu dute.

Langile publikoak.
Langile publikoak.
Langile publikoak.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Justiziak ebatzi du urteetan aldi baterako kontratuak kateatu dituzten langile publikoek plaza mugagabea izateko eskubidea dutela. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak (EBJA) ostegun honetan eman du epaia, Kataluniako administrazio publikoko langileen hiru kasu aztertu ostean.

Erabakia begi onez hartu dute sindikatuek, eta aho batez esan dute administrazioek urtetan ezarritako praktika okerra izan dela.

Aitor Jaio Interinok Taldeko bozeramaileak azaldu duenez, ebazpen honek erakusten du gaur egungo neurriek ez dutela balio, eta azaldu duenez, adieratzen du "finkotasuna, nahiz eta funtzionario bezala ez izan, beharrezkoa edo behintzat erabilgarria izango dela". EAEn 30.000 interino publiko daude.

Xabier Ugartemendia LABeko zerbitzu publikoetako arduradunak, bere aldetik, esan du Europako Justizia Auzitegi Gorenak emandako ebazpenarekin argi geratu dela  "egonkortze prozesuek ez dutela Administrazio publikoan ematen ari den behin behinekotasunaren abusua konpontzen". Gaineratu duenez, "epaitegi horrek lehen arretako epaitegiak eta baita justizia auzitegi nagusiak interpelatzen ditu Auzitegi Gorenak ezarritako jurisprudentzia ezarri ez dezaten. Hau da, mugagabe ez finkoa figura ez erabiltzeko esaten die".  

ELAren arabera, epai honek berretsi egiten du sindikatuak "urteetan salatu duena: ez Iceta Legea deiturikoa, ez EAEko Administrazioko Kidego eta Eskalen Legea, ez gainerako araudiak, ez direla nahikoa, eta ez dutela bermerik ematen urteetan aldi baterako kontratazioen gehiegizko erabilera jasaten ari diren milaka langileren egoera konpontzeko". Horregatik, sindikatuak mobilizazioen aldeko apustua berretsi du Hego Euskal Herriko sektore publikoko aldi baterako 77.000 langile baino gehiago finkatzeko beharrezkoak diren lege-aldaketak egin daitezen. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna ELA LAB Lana albisteak Funtzionarioak argazkiak Epaiketak albisteak Gizartea bideoak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Euskal sindikatuak