Gizartea -
Gipuzkoako Auzitegia
Zumaian hildako adineko emakumearen zaintzailea erruduna ez dela ebatzi du epaimahaiak
Leporatzen zaiona baieztatzeko froga nahikorik ez dagoela argudiatuta hartu dute erabakia, eta, horrenbestez, aske utzi dute akusatua. Fiskaltzak 22 urteko espetxe-zigorra eskatu zuen harentzat, hilketa egotzita. Hala ere, hildakoaren familiak ez du haren aurkako kargurik aurkeztu.
Agentziak | EiTB Media
2020ko azaroan Zumaian (Gipuzkoa) hildako adineko emakumearen zaintzailea erruduna ez dela ebatzi du epaimahaiak, leporatzen zaiona baieztatzeko froga nahikorik ez dagoela argudiatuta. Gauzak horrela, epaimahaiak aske utzi du akusatua arratsalde honetan, Gipuzkoako Probintzia Auzitegian berediktoa irakurri ondoren.
Epaimahaiak zaintzailearen defentsak egindako errugabetasun-tesia onartu du, eta baztertu egin du egitateak nagusitasunaren astungarriarekin egindako erailketa-delitua izan zitezkeenik, Fiskaltzak zioen bezala. Ministerio Publikoak 22 urteko kartzela-zigorra eskatzen zuen auzipetuarentzat, hilketa egotzita.
Hildakoaren familiak ez du haren aurkako kargurik aurkeztu. Adineko emakumearen semeak epaiketan esan zuen "agerikoa" zela emakumearen bizi-kalitatea gero eta okerragoa zela, eta auzipetua haren "laguntzailea" zela azpimarratu zuen. Testuinguru horretan, berediktoa emateko orduan haren adierazpenak gogoan izateko eta erabaki zuzena hartzeko eskatu zien epaimahaikideei.
Gertakariak 2020ko azaroaren 21eko gauean jazo ziren. Orain, epaimahaiak "ez frogatutzat" jo du egun hartako 23:00ak aldera auzipetuak ahoa eta sudurra estali zizkionik biktimari, biak bakarrik zeudela, arnasa hartzea galaraziz.
Autopsia egin zuten auzitegiko-medikuek epaimahaiaren aurrean egindako deklarazioan ukatu egin zuten adineko emakumearen heriotza ustekabekoa izan zela. Gainera, baztertu egin zuten 91 urteko emakumeak bere buruaz beste egin zuenik, erabateko mendekotasuna baitzuen. Defentsaren arabera, ordea, lo zegoen oheko segurtasun-barren kontra jotzean hil zen.
Profesionalek, ukatu egin zuten adineko emakumearen asfixia ustekabekoa izan zenik, eta "asfixiaren bitartez" eragindako "heriotza bortitza" izan zela adierazi zuten. Norbaitek, eskuekin edota objektu batekin itxi zizkion arnasbideak.
Hain zuzen ere, adineko emakumearen gorpuan topatutako hainbat zantzu aztertu ostean bermatu zuten ondorio hori. Auzitegiko-medikuek "asfixiarekin" bateragarriak izan zitezkeen marka hemorragiko batzuk atzeman zituzten. Halaber, eskuekin egindako presioarekin bateragarriak diren lesio batzuk aurkitu zizkioten ahoan.
Horrez gain, aurpegian eta buruan "lesio ugari" zituela egiaztatu zuten, hala nola eskuineko begian kolpe bat, higadurak eta atzaparkada bizia belarri baten atzealdean. Gertaeraren tokian izan ziren profesionalen arabera, odol ugari zegoen etxe hartan.
Orain, emakumea itota hil zela onartu du epaimahaiak, baina ez du uste egoera hori hirugarren pertsona baten esku-hartzearen ondorioz gertatu zenik. Hala, ez du "behar bezala frogatuta" ikusi biktima ito zutenik, eta egoera hori "arrazoi naturalengatik" gertatu zela adierazi du. Horrez gain, epaimahaiak ez du "ziurtasun nahikorik" izan biktimak zituen lesioak nola gertatu ziren jakiteko.
Gauzak horrela, adineko emakumearen zaintzailea aske geratu da, leporatzen zaiona baieztatzeko froga nahikorik ez dagoela argudiatuta. Auzipetua aske utzi ondoren, hildakoaren semeak besarkada estua eman dio emakumeari, Gipuzkoako Auzitegitik irtetean.