Gizartea -
SEXU-ABUSUAK
Patxi Ezkiagari herriko seme kutun aitortza kentzea erabaki du Legorretak, sexu-abusuen salaketak direla eta
Fraide eta idazle ezagunak sexu-abusuak egin zizkiola salatu zuen Marisol Zamora donostiarrak joan den asteburuan, eta horren aurrean, Legorretako Udalak Ezkiagari "urteetan egindako goraipamen eta izendapen" guztiak kenduko dizkio.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Legorretako Udalak erabaki du Patxi Ezkiaga Lasa fraide eta idazleari (1943-2018) herriko seme kutun izaera baliogabetzea, Patxi Ezkiaga Kultur Etxea hemendik aurrera Kultur Etxea soilik izatea eta haren omenez eginiko eskultura Etxezarreta parketik kentzea. Erabakiok Marisol Zamora donostiarrak Ezkiagak sexu-abusuak egin zizkiola salatu ondotik hartu ditu Legorretako Udalak, eta gaur zabaldutako adierazpen batean eman ditu ezagutzera.
Horren arabera, biktimaren salaketaren aurrean "Udalak erantzukizuna du dagozkion erabakiak hartzeko, erreparaziorako bideak irekitzeko eta salaketa publiko egin duen Marisol Zamorari babesa adierazteko", Ezkiagari "urtetan zehar hainbat goraipamen eta izendapen egin dizkiolako". "Legorretako Udalak irmo gaitzesten ditu edozein eratako sexu-erasoak, eta bereziki arbuiatu nahi ditu adin txikikoei egindakoak", gaineratu dute adierazpenean.
El País egunkaria Eliza katolikoaren baitan gertatutako sexu-abusuei buruz egiten ari den txosten sortaren azken atalean agertzen da Zamoraren lekukotza, eta asteburuan argitaratu zuen. Albistea landu zuen kazetariarekin, biktimarekin eta Salestarren Kongregazioarekin harremanetan jarri ondoren hartu du erabakia Legorretako Udalak.
Gaur, beste hiru emakumek salatu dute aipatutako hedabidean Ezkiagak sexu-abusuak egin zizkiela, eta kasu gehiagoren berri ere badutela ziurtatu dute.
Kongregazioak barkamena eskatu die biktimei, eta proteccion@lasalle.es helbidearen bidez eurekin harremanetan jartzera deitu ditu, lekukotzak zuzenean jaso eta erantzun bat emateko. "Babes osoa eskaintzen diegu biktimei, eta barkamena eskatzen diegu, ez genituelako behar bezala babestu erakundearen ardurapean zeuden adingabeak", esan du Isabel Llauger La Salleko harreman instituzionaletarako arduradunak, EITB Mediari egindako adierazpenetan.
Patxi Ezkiaga Lasa 1943ko irailaren 12an jaio zen, Legorretan. Literatura ikasketak egin zituen Cambridge eta Oxford unibertsitateetan, eta Historiako lizentzia eskuratu zuen Deustuko Unibertsitatean. Fraidea zen, eta Donostiako La Salle ikastetxean irakasle izan zen 20 urtez.
Legorretako Udalak 2002ko urriaren 26an izendatu zuen herriko seme kutun.