Gizartea -
GARRAIO PUBLIKOA
Matxura batek "atzerapenak" sortu ditu Bilboko metroan, eta USEko ikasleei eragin die
Atzeratu diren ikasleei ikasgeletan sartzen uzteko agindu du EHUk, baita azterketen denbora luzatzeko ere. Matxura balaztatze-sisteman jazo da, 08:45 aldera, Sarrikoko geltokian.
EITB MEDIA
Bilboko metroaren unitate batean izandako matxura batek ke handia eta "atzerapenak" eragin ditu ostiral goizean. Horrek ordu horretan metroa hartu duten langileei eragin die, eta baita unibertsitatera sartzeko probaren azken azterketak egin behar dituzten ikasleei ere.
Balaztatze-sistemaren matxura 08:45 aldera jazo da, Sarrikoko geltokian, eta atzerapenak eragin ditu San Ignaziotik Kabiezesera eta Plentziara doazen lineetan.
Metro Bilbaok jakinarazi duenez, 15 minuturainoko atzerapenak izan dira, eta, ondorioz, atzeratu diren ikasleei ikasgeletan sartzen uzteko agindu du EHUk, baita azterketen denbora luzatzeko ere.
Matxura gertatu eta gutxira haizagailuak aktibatu dira kea ateratzeko, baina Bilbo erdiguneko zenbait geltoki ere kaltetu dira, San Mameskoa kasu.
Metro Bilbao konpainiako langileak bertaratu dira, matxuratutako trena bertatik eramateko eta balaztatze-sisteman arazoa zerk eragin duen aztertzeko.