Gizartea -
Epaiketa Gipuzkoan
Ikaskideek ustez jazarri ondoren bere buruaz beste egiten saiatu zen adingabeak bere bertsioari eutsi dio
Urretxuko eta Zumarragako hamaika ikasle, 14 eta 16 urte bitarteko bederatzi gizonezko eta bi neska, ateak itxita epaitzen ari dira Donostiako Adingabeen Epaitegian ustezko 'bullying' kasu horrengatik.
Agentziak | EITB Media
Urretxuko eta Zumarragako (Gipuzkoa) hamaika ikaskideren jazarpena jasan ostean, adingabea birritan saiatu zen bere buruaz beste egiten, eta gaur bere bertsioari eutsi dio, auziaren iturriek jakitera eman dutenez.
14 eta 16 urte bitarteko hamaika ikasle, bederatzi gizonezko eta bi neska, ateak itxita epaitzen ari dira gaurtik aurrera Donostiako Adingabeen Epaitegian ustezko 'bullying' kasu horrengatik.
Gaur egindako epaiketaren saioan, biktimak deklaratu du. Iturrien arabera, hiru ordu inguru iraun du deklarazioak, eta, luze jo duenez, etenaldi bat egin behar izan dute.
Halaber, adingabe horren amak eta zenbait lekukok testigantza eman dute, eta horietako batzuek arratsaldean deklaratu behar izan dute. Epaiketak ostiral honetan jarraituko du.
Hamaika akusatuek deklaratzen azkenak izatea eskatu dute, eta litekeena da hasiera batean epaiketa egiteko jarritako bi egunak nahikoak ez izatea, iturriek erantsi dutenez.
Fiskaltzaren behin-behineko akusazioaren idazkiaren arabera, biktimaren suizidio saiakerak ustez beste adingabeen "ekintzen eraginez" eta "egoera hori geldiarazteko ikastetxeak azaldu zuen utzikeriaren ondorioz" gertatu ziren.
Ministerio Publikoak gertakariak 2021eko irailean kokatu ditu, orduan hasi baitzen nerabea DBHko bigarren maila egiten.
Fiskaltzak hamabi hilabeteko gizarte- eta hezkuntza-lanak eskatu ditu akusatuentzat, "egotzitako karguen inguruan lan egiteko eta hausnartzeko, eta ekintzen gaineko erantzukizuna hartzeko".
Ministerio Publikoak osotasun moralaren aurkako delitu bat leporatzen die, baina horietako biri mehatxu-delitu arin bana ere egozten die.
Biktima ordezkatzen duen akusazio partikularrak, aldiz, akusatuek gizarte- eta hezkuntza-zereginetan 24 hilabete ematea eskatu du.