Gizartea -
Minbizia
Donostiako protoiterapia unitatearen eraikina uda amaieran hasiko da eraikitzen
Ferrovial, Moyua eta Construcciones Intxausti enpresek osatutako ABEE-ari (Aldi Baterako Enpresa Elkartea) esleitu dizkio obrak Eusko Jaurlaritzak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Minbiziaren tratamendurako Donostian eraikiko duten protoiterapia unitatearen eraikinaren lanak uda amaieran hasiko dira Donostia Ospitaleko gunean. Lanak egiteko epea 24 hilabetekoa izango da eta 60 milioi euroko kostua izango dute.
Unitate berri honek abangoardiako teknologia izango du, minbizia duten pertsonentzako arriskuak murrizten dituena. Protoiterapiak protoiak erabiltzen ditu X izpien edo elektroien ordez, erradiazio lokalizatuagoa ekartzen duena. Horrela, murriztu egiten dira ondorio kaltegarriak eta bigarren tumoreak garatzeko arriskua.
Erradioterapia-modalitate honek 28 milioi euroko balioa du, eta oso leku gutxitan ezarri da. Euskal Autonomia Erkidegoak eta beste erkidego mugakide batzuek Amancio Ortega Fundazioak emandako hamar azeleragailuetako bat erabili ahal izango dute.
Eraikin berriak 9.625 metro koadroko azalera eraikia izango du, lau solairutan banatuta, baina espazio nagusia tratamendu-bunkerra izango da. Gainera, kontsultetarako, diagnostikorako eta plangintzarako ere eremuak izango ditu.
Osakidetzak Ferrovial, Moyua eta Construcciones Intxausti enpresek osatutako ABEE-ari (Aldi Baterako Enpresa Elkartea) esleitu dizkio obrak.