Gizartea -
Gipuzkoako Auzitegia
Zumaian 91 urteko adinekoa itota hiltzea leporatzen dioten emakumeak errugabea dela berretsi du
Akusatuaren defentsak ñabardura bat egin du bere ondorioetan, eta herri epaimahaiak errudun joko balu gehienez ere zuhurtziagabekeriazko homizidioa leporatu beharko litzaiokeela uste du. Fiskaltzak 22 urteko kartzela zigor eskaerari eutsi dio. Astelehenean hasiko da herri epaimahaia deliberatzen.
Agentziak | EiTB Media
Zumaiako 91 urteko emakume baten heriotza argitzeko epaiketaren bosgarren eta azken egunean, akusatuak "errugabea" dela berretsi du epaimahaiaren aurrean egin duen azken hitzartzean. Une oro biktima "laguntzen" saiatu zela eta "maitasun handia" ziola nabarmendu du.
Aurretik, aldeek azken ondorioak aurkeztu dituzte. Fiskaltzak, esaterako, 22 urteko kartzela zigor eskaerari eutsi dio hilketa delitua leporatuta. Halaber, "datu objektiboak" aintzat hartzeko eskatu dio herri epaimahaiari. Halaber, ikerketa "oztopatu" izana egotzi dio akusatuari, gela ez ezik gorpua ere garbitu zuelako.
Atzoko saioan, emakumeari autopsia egin zioten forentseek azpimarratu zuten emakumea "itota" hil zela, eta baztertu egin zuten istripuaren aukera.
Defentsa abokatuak akusatua errugabea dela berretsi du, ñabardura bat egin badu ere. Hala ere, herri epaimahaiak errudun joko balu gehienez ere zuhurtziagabekeriazko homizidioa leporatu beharko litzaiokeela uste du, "ez zuelako hil nahi".
Abokatuaren arabera, epaiketan ezin izan da frogatu zaintzaileak eragin zuela adineko emakumearen heriotza.
Datorren astelehenean elkartuko da herri epaimahaia erabakia hartzeko.