Gizartea -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Eskola-jazarpenagatik epaiketa, interes tasen jaitsiera eta Etxebarri jatetxea, bigarren
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko ekainaren 6an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Eskola-jazarpenagatik epaiketa: Zumarragako eskola bateko 14 eta 16 urte arteko 11 adingabe epaituko dituzte gaurtik aurrera Donostiako Justizia Auzitegian, bitan bere buruaz beste egiten saiatu zen ikaskide bati bullyinga edo eskola-jazarpena egitea egotzita. Ministerio Publikoak osotasun moralaren kontrako delitua leporatzen die bederatzi mutil eta bi neskei eta horregatik hamabi hilabetez lan sozio-hezitzaileak egitea eskatu du beraientzat. Fiskaltzak gurasoak ere sartu ditu akusazioan, arduradun zibil gisa, eta Eusko Jaurlaritza, arduradun zibil subsidiario gisa.
- Interes tasen jaitsiera: Europako Banku Zentrala (EBZ) moneta politika lasaitzen hasiko da gaur, interes tasak oinarrizko 25 puntu jaitsita, % 4,25eraino. Christine Lagarde EBZko presidenteak emango duen prentsaurrekoaren zain daude oraindik, etorkizunean jarraituko duen bidea argitzeko. Aurten interes tasen beste murrizketa bat egotea aurreikusten dute; batzuek, baita bi ere.
- Etxebarri, munduko bigarren jatetxe onena: Bittor Arginzoniz sukaldariaren Etxebarri Erretegia munduko bigarren jatetxe onena izan dute 2024ko The World's 50 Best Restaurants sarietan, eta Getariako Elkano, berriz, 28. postuan aukeratu dute. Atxondoko erretegiak bi postu egin du gora munduko 50 jatetxe onenen zerrendan, iaz laugarren postuan sailkatu baitzen. Elkano jatetxeak sei postu egin du atzera, 22.etik 28.era.