Gizartea -
Gastronomia
Bittor Arginzoniz sukaldariaren Etxebarri Erretegia munduko bigarren jatetxe onena izendatu dute
Sariak "lan eta presio gehiago" ekarriko duela adierazi du, albistearen berri izan eta minutu gutxira. "Ezustean" harrapatu badu ere, bezero guztiak pozik mantentzea da haren erronka. Elkano jatetxea, berriz, 28. postuan aukeratu dute.
Agentziak | EiTB Media
Bittor Arginzoniz sukaldariaren Etxebarri Erretegia munduko bigarren jatetxe onena izan dute 2024ko The World's 50 Best Restaurants sarietan, eta Getariako Elkano, berriz, 28. postuan aukeratu dute.
Sariak "lan eta presio gehiago" ekarriko duela adierazi du Arginzonizek Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan, albistearen berri izan eta minutu gutxira egindako elkarrizketan. "Ezustean" harrapatu badu ere, bezero guztiak pozik mantentzea da haren erronka nagusia. Menuaren prezioa 280 eurokoa da, hain zuzen ere.
Halaber, Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan nabarmendu duenez, "ohore handia" da nazioarteko sukaldari onenen artean egotea, eta horrek suposatzen duen guztia "pixkanaka pixkanaka" barneratzen joan beharko dela gaineratu du.
Atxondoko erretegiak bi postu egin du gora munduko 50 jatetxe onenen zerrendan, iaz laugarren postuan sailkatu baitzen. Elkano jatetxeak sei postu egin du atzera, 22.etik 28.era.
Larrabetzun (Bizkaia) kokatuta dagoen Azurmendi jatetxea, berriz, zerrendatik kanpo geratu da. Aurreko edizioan 81. postuan kokatu zuten, baina aurten ez da ageri nazioarteko jatetxe onenen artean.
Horren arabera, Mateu Casañas, Oriol Castro eta Eduard Xatruch sukaldariak buru dituen Bartzelonako Disfrutar jatetxea da munduko onena.
Nazioarteko sari banaketaren aurretik egindako kinielen arabera, David Muñozen Diverxo (Madril) jatetxeak aukera ugari zituen munduko onena izendatua izateko. Izan ere, hirugarren postuan kokatu zuten 2023an, baina, aurten, atzera egin du azkenean, eta laugarren postuan kokatu dute adituek.
AEBko Las Vegas hirian goizaldean egin duten ekitaldian jakinarazi dute zerrenda osoa.