Gizartea -
Memoria
Eskuz idaztea, ikasteko teknikarik onenetako bat
Eskuz idazteak modu biziagoan aktibatzen du memoria, eta, gainera, epe luzera. Azterketen eta USEren (EvAU) garai honetan, adituen arabera, eskemak eskuz egitea kontzeptuak barneratzeko modurik onenetako bat da.
A. Aramendi Elduaien | EITB Media
Iritsi gara ikasturte amaierara. Egunotan azterketetan eta errekuperazioetan, USE probetan (EvAU), gradu amaierako lanen aurkezpenetan eta antzerakoetan murgilduta daude maila guztietako milaka ikasle, liburuz, koadernoz eta apuntez inguratuta. Zein da ikasteko modurik eraginkor eta azkarrena?
Maite Elizondo psikologo eta pedagogoaren hitzetan, eskemak eskuz idazteak memorizatzen eta informazioa hobeto gordetzen laguntzen du. Azaldu duenez, eskuz idazteak garuna hobeto aktibatzen duela eta ikasi duguna modu sakon eta iraunkorragoan barneratzen duela ziurtatzen duten hainbat ikerketa daude.
Adituen arabera, eskuz idaztean, garuneko hemisferioak modu biziagoan konektatzen dira, eta neurona-sareak konplexuagoak dira; beraz, hobeto barneratzen dira kontzeptuak. Epe luzerako memoria aktibatzen da eta denbora gehiagoan gordetzen da ikasitakoa.
Bizitzako beste une batzuetan ere, eskuz idaztea onuragarria izan daitekeela azaldu du Elizondok. Haurtzaroan, idatzizko hizkuntza ikasten eta barneratzen laguntzen du, eta bizitzako azken etapan, berriz, eskuz idaztea da memoria aktibo mantentzeko ondo datorren jardueretako bat. Estresa arintzen ere laguntzen duela ziurtatu du.
Beraz, teklatu batekin idazteak azkartasuna ematen badigu, eskuz idaztearen onurak memoriari eta ikaskuntzari lotuta daude.