Gizartea -

COPERNICUS

Inoizko maiatzik beroena izan da aurtengoa munduan, hamabigarren hilabetez jarraian markak hautsita

Copernicus Europako Batasuneko Klima Aldaketarako Zerbitzuak (C3S) argitaratutako azken txostenaren arabera, lurrazaleko airearen batez besteko tenperatura 0,65 gradu epelagoa izan da 1991-2020 urteetako batez bestekoarekin alderatuta.

Lurrazaleko airearen batez besteko tenperatura munduan. Irudia: Copernicus
Lurrazaleko airearen batez besteko tenperatura munduan
Lurrazaleko airearen batez besteko tenperatura munduan. Irudia: Copernicus

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hilabetez hilabete munduko batez besteko tenperaturak markak hausten jarraitzen du. Amaitu berri dena ez da salbuespena izan, eta hamabigarren hilabetez jarraian, orain arte erregistratutako errekorrak gainditu dira.

Copernicus Europako Batasuneko Klima Aldaketarako Zerbitzuak (C3S) gaur argitaratutako azken txostenaren arabera, aurtengo maiatzean lurrazaleko airearen batez besteko tenperatura 0,65 gradu epelagoa izan da 1991-2020 urteetako hilabete horretako batez bestekoarekin alderatuta.

Azken 12 hilabetetako batez besteko tenperatura (2023ko ekainetik 2024ko maiatzera) ere erregistroak daudenetik inoizko altuena izan da; hain zuzen ere, 1991-2020 urteetakoa baino 0,75 ºC epelagoa eta industria aurreko (1850-1900) maiatzak baino 1,63 ºC beroagoa.

Halaber, maiatzeko datua bakarrik kontuan hartuta 1,52 ºC beroagoa izan da, 1850-1900 aldiarekin konparatuta.

A

Carlo Buontempo Copernicuseko Klima Aldaketaren Zerbitzuko (C3S) zuzendariaren arabera, "12 hilabeteko bolada hau izugarria da, baina ez harrigarria". Horren esanetan, errekorren segida hori noizbait etengo bada ere, klima aldaketak bere horretan jarraitzen du eta "ez dago balizko joera aldaketa baten zantzurik". Dena den, oraingo errekorrak etorkizunean "hotzak" izango direla uste du. Halaber, klima monitorizatzeko gizakiak erdietsi duen "aurrekaririk gabeko" gaitasunak berotegi efektuko gasen kontzentrazioa "egonkortzen" lagundu dezakeela dio.

Copernicusen azken datuak ezagutu diren egun berean, Munduko Meteorologia Erakundeak (MME) datozen bost urteetarako klimaren bilakaerari buruzko iragarpenak eguneratu ditu. 2024-2028 aldirako txosten horretan jasotzen denez, litekeena da hurrengo bost urteetako bat inoizko beroena izatea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Europar Batasuna Europa Eguraldia Gizartea bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Lurra azken ordukoa Bero-boladak azken ordukoa Larrialdi klimatikoa