Gizartea -
Gipuzkoako Auzitegia
Zumaian hildako adineko emakumearen heriotza "oso arraroa" izan zen kasuko ertzainen arabera
Epaiketaren bigarren egunean deklaratu duten ertzainek kontatu dutenez, akusatua eta hildakoaren alaba "lasaiegi" zeuden.
Agentziak | EiTB Media
Zumaiako adineko emakume baten heriotza argitzeko epaiketaren bigarren egunean, biktimaren etxera joan ziren ertzainek eta atestatua egin zutenek deklaratu dute. Iritsi ziren lehen ertzainek kontatutakoaren arabera, dena "oso arraroa" izan zen hasieratik.
"Odola zegoen lurrean, paretan, komunean, ohean, sukaldean. Dena oso arraroa iruditu zitzaigun, eta susmatzen eta galderak egiten hasi ginen", adierazi du 2020ko azaroaren 21eko gau hartan Zumaiako etxebizitza horretara joan zen ertzainetako batek. Gipuzkoako Fiskaltzak 22 urteko kartzela zigorra eskatzen du emakumearen zaintzailearentzat, adinekoa itota hiltzea egotzita.
Aldi berean, agente horri deigarria egin zitzaion auzipetuak berehala larrialdi zerbitzuei deitu ez izana. Horren ordez, odola garbitzen hasi zen eta emakumearen alabari deitu zion.
Ertzain horrek berak azaldu duenez, akusatuari galdetu zion ea zergatik hasi zen dena garbitzen, eta "urduri" jarri zela erantzun omen zion. Gertatutakoaren ondoren "lasaiegi" ikusi zuen zaintzailea eta hildakoaren alaba ere "lasai" ikusi zuen.
Beste agente batek zehaztu duenez, etxera joandako medikuak ez zuen egiaztatu nahi izan heriotza "naturala" izan zenik. Ildo horretan, ertzainari deigarria iruditu zitzaion hildakoak kolpeak zituela gorputz osoan, "nabarmenena" aurpegian.
Gaur lekuko gisa deklaratu duen beste baten esanetan, emakumea artatu ohi zuten medikuek esan zioten odoleko koagulazio arazoak zituela eta horregatik antikoagulatzaileak hartzen zituela. Halaber, azkenetan zegoela eta sedazioa emateko aukera mahai gainean zutela esan zioten.
Bestalde, beste ertzain batek onartu du emakumeak gorputz osoan kolpeak izateak ez duela esan nahi, nahitaez, delitua egon dela, eta istripuaren aukera aipatu du.