Gizartea -

Gipuzkoako Auzitegia

Zumaian hildako adineko emakumearen seme-alabek errugabe jo dute zaintzailea

Akusatuak esan du ez zuela ezer irabazten emakumearen heriotzarekin. Fiskaltzak 22 urteko espetxe-zigorra eskatzen du. Gertakariak 2020ko azaroaren 21ean jazo ziren. 91 urteko emakumezkoaren familia ez da akusazio partikular gisa aurkeztu auzian.

Auzitegi barruko argazkia. EITB Media.
Auzitegi barruko argazkia
Auzitegi barruko argazkia. EITB Media.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zumaian hildako 91 urteko emakumearen seme-alabek errugabe jo dute hilketagatik auzipetu duten zaintzailea. Fiskaltzak 22 urteko kartzela-zigorra eskatzen du bere aurka, autopsiak asfixia zantzuak atzeman ostean.

Bi seme-alaben lekukotza izan da epaiketaren bigarren eguneko une garrantzitsuena Gipuzkoako Auzitegiko Lehenengo Atalean, eta biek esan dute ez dutela ezer zaintzaileari leporatzeko, "maitekiro" zaindu zuelako haien ama hiru urtez.

2020ko azaroaren 21eko ustezko hilketa horrengatik akusatuak, berriz, esan du ez zuela ezer irabazten emakumearen heriotzarekin.

Akusatuak esan du "kexa oihu bat" entzun zuela logelan heriotza izan zen egunean, eta iritsi zenean emakumeak gorputza "arin" zuela, aurpegian kolpea, eta "odolez beteta" zegoela.

Azaldu duenez, "erreanimazio" teknikak egin zizkion emakumeari, suspertzeko asmoz. "Zauriak zituen, baina ez nintzen gelditu, suspertu egin nahi nuen, ez nuen nahi hiltzea", gehitu du akusatuak, une batean emakumeak mihia kanpoan zuela eta barruan sartu ziola adierazi aurretik.

Baina emakumea hil egin zela ohartu zenean, telefonoz deitu zion alabari lehenengo, eta hark anbulantzia bati. Zoruko eta emakumearen aurpegiko odola garbitu zuen ondoren, eta horretarako eskularrurik ez zuela erabili eta odolarekin zikindu zela onartu du.

Emakumearen seme-alabek akusatua defendatu dute

Akusatuaren defentsa irmoena hildakoaren semeak egin du, eta azaldu du familiak ez duela akusaziorik egingo emakumearen aurka eta ez duela inolako kalte-ordainik nahi.

Hala, semeak esan du "sekula ez" zuela pentsatuko zaintzailea krimenaren egile gisa auzipetuko zutenik. "Nire ama azkenetan zegoen. Dozenaka aldiz erori zen. Amaitzen ari zen. Hiltzen ari zen eta hil egin zen", azpimarratu du.

"Eskerrak ematen dizkiot amaieran bere aldamenean egotearren. Nire amari gertatu zaion onena izan da. Ez dakit zer egiten dugun hemen. Argi adierazi nahi dut: nire babes osoa du. Hau guztia ulertezina da", adierazi du, une batzuetan hunkituta.

Ildo beretik hitz egin du bere arrebak, eta jakinarazi du garai hartan bera Zumaian zegoela, ez zela Argentinara, bere ohiko bizitokira, itzuli, ama "azkenetan" zegoela ikusten zuelako.

"Beti eman dizkiogu eskerrak" zaintzaileari, "nire anaia eta ni beti geundelako urrun". Gainera, gogorarazi du amak konortea galdu izan zuela askotan, eta erizaina sarri joaten zela bere etxera "oso ahul" zegoelako.

22 urteko espetxe-zigorra 

Epaiketa ostiralean hasi zen Gipuzkoako Auzitegian, epaimahaiaren osaketarekin, eta Fiskaltzak 22 urteko espetxe-zigorra eskatu du akusatuarentzat.

Hedabideei egindako adierazpenetan, Jorge Bermudez fiskalak adierazi du kasu "konplexua" dela, ez baitago lekukorik; izan ere, gertakariak jazo zirenean, bi emakumeak bakarrik zeuden adineko emakumearen etxean, mendekotasun larria baitzuen.

Hori dela eta, "kasu honetan froga nagusia auzitegiko medikuen txostena izango da, horiek erabakitzen baitute heriotzaren arrazoia eta heriotzaren mekanika". Hasiera batean, heriotza istripuz gertatu zela pentsatu zen, baina autopsiaren ondoren, adineko emakumea zaintzaileak itota hil zitekeela zehaztu zen.

Fiskaltzak frogatutzat jo du akusatuak adineko emakumea estali zuela, eta haren familiak uko egin diola inolako akusaziorik egiteari, ahoa eta sudurra objekturen batekin, burko batekin adibidez, ito arte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Delituak Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Zumaia Albisteak Erailketak Adinekoak