Gizartea -
TRAFIKO ISTRIPUA
21 urteko gidari bat atxilotu dute Irurtzungo hotel bateko terrazan bi emakume harrapatu ostean
Harrapatutako bi emakumeak, 29 eta 51 urtekoak, anbulantzian eraman behar izan dituzte Nafarroako Unibertsitate Ospitalera.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
29 eta 51 urteko bi emakume zauritu dira igande honetan Irurtzungo hotel bateko terrazan zeudela, auto batek harrapatuta. Gidariak positibo eman du alkohola atzemateko proban, gehienez ere baimendutako tasa laukoiztu baitu. Proba horretan, marihuanan ere eman du positibo.
Gertakaria 12:50 aldera gertatu da, NA-2409 errepideko 20,7 kilometroan. 21 urteko bi gazte eta 19 urteko bat zihoazen ibilgailuan istripua izan duenean.
Autoa iraulita geratu da lokaleko terrazan.
Nafarroako Foruzaingoak atxilotu egin du gidaria, bideko segurtasunaren aurkako bi delitu egotzita (ausarkeriaz gidatzeagatik eta baimendutako alkohol-tasa gainditzeagatik), eta Belosoko Foruzaingoaren komisariara eraman dute.
Bi emakumeak anbulantzian eraman behar izan dituzte Nafarroako Unibertsitate Ospitalera. Foruzainak eta anbulantziak ez ezik, suhiltzaileak eta mediku-talde bat ere bertaratu dira.