Gizartea -

ARKAUTI

Ertzaintzak 16 domina eta 35 zorion-adierazpen eman ditu segurtasun arloko merezimenduengatik

Josu Bujanda ertzainburuak omenaldia jaso du 40 urteko ibilbideagatik, eta aipamen berezia izan dute ETAk hildako 15 agenteek.

Gaurko ekitaldiko une bat.
Gaurko ekitaldiko une bat.
Gaurko ekitaldiko une bat.

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak segurtasun arloko merezimenduen 16 domina eta 36 zorion-adierazpen eman ditu Arkautin gaur egindako ekitaldi batean.

Iñigo Urkullu lehendakaria buru zela eta Josu Erkoreka lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburua eta Josu Bujanda Ertzaintzaren burua lagun zituela egin da gaur eguerdian 2023an merezimendu bereziko egintzak egin zituzten ertzainei polizia-lanagatik zorionak emateko eta kondekorazioak banatzeko urteko ekitaldia, eta zerbitzu-egintzan hildako ertzainak eta ETAk hildakoak ere omendu dituzte.

Omenaldi berezia egin zaie ETAk 1985 eta 2001 bitartean hil zituen 15 ertzainei. Haien omenez, bideo bat proiektatu dute haien izenak eta irudiak gogoratzeko.

Lehendakariak horren harira esan duenez, "ez dira urruti geratzen askatasun gutxiagoko egunak", eta "betebeharra da garai hura inoiz ere ez ahaztea eta ondokoei herri honetan zer gertatu zen behar bezala transmititzea".

Era berean, Ertzaintzak bereizgarri zuridun domina eman dio Josu Bujanda Zalduari, 2019tik Ertzaintzaren intendente burua denari. Domina horrekin, Akademian 1983an sartu zenetik egindako 40 urteko ibilbide profesional "luze eta oparoa" aitortu diote, "erakundearekin, bere historiarekin eta misioarekin izan duen konpromisoagatik eta barnean eta publikoki egindako Ertzaintzaren defentsagatik, Euskadiren zerbitzura dagoen, sorrerako erroak dituen eta pertsonen eskubideak erabat errespetatzen dituen poliziaren balioak sustatuz". 

Urkulluk eskerrak eman dizkio "erakunde honen izen ona egunero hobetzeko" egindako lanagatik, eta hitzeman du Ertzaintzak "beti" izango duela Jaurlaritza alboan.

Josu Bujanda domina jasotzen EFE

Ertzaintzak bereizgarri zuridun beste 10 domina ere eman ditu. Bereizgarri hori ematen da zailtasun edo garrantzi handiko zerbitzuetan agenteek izandako "parte-hartze arrakastatsuagatik eta horietan dohain profesional edo zibiko apartak erakusteagatik, bai eta era nabarian nabarmendu direlako polizia-eginkizuna betetzen edo kidegoaren ospea hobetzeko edo zerbitzuan erabilgarriak diren lan bikainak egin dituztelako ere".

Bereizgarri urdineko beste 5 domina ere banatu dituzte. Domina horiek ematen zaizkie beste polizia-kidego batzuetako kideei, larrialdietako eta babes zibileko zerbitzu publikoetako kideei, segurtasun pribatuko kideei eta "segurtasun publikoaren defentsan garrantzi handiko ekintzak egiten dituztenei, bai eta Ertzaintzaren mesederako eta ospea hobetzeko harekin funtsezko lankidetzan aritu direnei ere".

Azkenik, ekitaldian 2023an zerbitzuan merezimendu bereziko egintzak egin zituzten ertzainen izenak irakurri dituzte. Edizio honetan, guztira 35 ertzain zoriondu dituzte polizia-lan aipagarria egin dutelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Ertzaintza Iñigo Urkullu Euskal Autonomia Erkidegoa gaur ETA Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Terrorismoaren Biktimak