Gizartea -

Osasuna

Nafarroako osasun publikoko itxaron zerrendak nabarmen txikitu dira maiatzean, Osasun kontseilariaren hitzetan

"Batzuek diotena gorabehera, Nafarroako osasun publikoa aparta da", esan du, "eta hori ez da gure departamentuko goi karguen merezimendua, egunero bertan lanean ari diren profesionalena eta kolore guztietako gobernuek eraiki duten kudeaketa eta antolamenduarena baizik".

Osasun kontseilari Fernando Dominguez (ezkerrean). Argazkia: EFE
Osasun kontseilari Fernando Dominguez (ezkerrean)
Osasun kontseilari Fernando Dominguez (ezkerrean). Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Osasun kontseilari Fernando Dominguezek iragarri du maiatzean nabarmen txikitu direla itxaron zerrendak, eta irailetik jasotako datu onena espero dutela hilabete honen bukaeran.

"Azken orduetan aldaketarik egon ezean, datu onarekin itxiko dugu maiatza, aurkeztutako neurri guztiak martxan ditugulako, eta sistema ia % 100ean dagoelako", iragarri du, nahiz eta onartu duen ezin izan duela legealdi hasieran hitzemandakoa bete, hots, hilabetetik hilabetera itxaron zerrendetan 1.000 pertsona gutxiago egotea. "Datu berriok erakusten dute nik agindutakoa posible dela", erantsi du,

Bermeen Legea ez betetzeagatik jaso dituen kritikei buruz esan du "beharbada lege hori eguneratzea eta erabilgarri bihurtzea" dela egokiena, "gaur egungo egoerak ez baitu zerikusirik 2008koarekin —onartu zuten urtea—".

Dominguezek onartu du Lehen Arretan egon badaudela "arazoak" dituzten zentroak, baina bidegabetzat jo du egoera hori orokortzea, "beste zentro batzuk ongi funtzionatzen ari direlako, eta larrialdiak unean bertan artatzen dituztelako".

"Batzuek diotena gorabehera, Nafarroako osasun publikoa aparta da", esan du, "eta hori ez da gure departamentuko goi karguen merezimendua, egunero bertan lanean ari diren profesionalena eta kolore guztietako gobernuek eraiki duten kudeaketa eta antolamenduarena baizik".

Aurrekontuaren afera mintzagai hartuta, nabarmendu du "zentzugabea dela, Osasunera inoizko diru gehien bideratuko dela kritikatzea, osasunean ez delako gastatzen, inbertitu baizik, eta horretarako dirua behar delako, urtean-urtean gehiago".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua albisteak Osasun albisteak Nafarroako Ospitale Gunea albisteak Lehen Arretako zentroak Osasunbidea