Gizartea -
Eguraldia
Fresko eta hodeitsu hasi da ekaina
Gaur, larunbatarekin, euri txikia utziko du lanbroak Gipuzkoa ekialdean, Lapurdin eta Nafarroa iparraldean, batez ere. Oso euri gutxi egingo du, baina giro makurra ikusiko da han eta hemen.
EITB MEDIA
Uda girotik ihesean-edo, azkenaldiko ildo berari eutsiko dio eguraldiak aste bukaeran ere. Larunbatean eta igandean, lanbroa nagusituko da Euskal Herrian, eta ipar-haizeak giroa freskatuko du. Gaurkoan, nekez iritsiko dira 18 gradura termometroak, Nafarroako Erriberan salbu, bertan balio altuagoak espero baitira. Tuteran, esaterako, 24 gradu inguru egongo dira.
Gaur, larunbatarekin, euri txikia utziko du lanbroak Gipuzkoa ekialdean, Lapurdin eta Nafarroa iparraldean, batez ere. Oso euri gutxi egingo du, baina giro makurra ikusiko da han eta hemen, eta 17-18 graduren bueltan ibiliko dira termometroak.
Iganderako, berriz, aldaketa gutxi. Eguraldi lanbrotsua izango da, iragarpenaren arabera. Euri arriskua, gainera, isurialde atlantiko osora zabalduko da, baina prezipitazio gutxi espero dira.
Aldaketa nabarmenena asteazkenean helduko omen da. Freskotik berora egingo dute tenperaturek. Bero sapa eta itsaskorra egin lezake, 30 gradutik gorako tenperaturak tarteko.