Gizartea -
Araba
Legutioko Reydesa enpresan patinete baten bateriak hartu zuen su, hipotesi nagusiaren arabera
Otuako bozeramaileak argitu du "gailu txikiren" batek eragin zuela sutea, "birziklatze lantegian egon behar ez zen tresnaren batek".
EiTB Media
Goiaingo industrialdeko (Legutio, Araba) Reydesa enpresan ostegunean piztutako sutea zerk eragin zuen ikertzen ari dira, eta hipotesi nagusia da "patinete baten litiozko bateria batek edo antzeko gailuren batek" hartu zuela su, "behar zuen tokian ez zegoelako".
"Hori da indar gehien hartzen ari den hipotesia", Radio Vitorian enpresa horretako bozeramaile Juanjo Alvarezek azaldu duenez. "Garrantzitsuena da ez zela inor zauritu, eta ez zela gainditu ezein sutek eragin dezakeen toxikotasun maila", erantsi du.
11:30 aldera piztu zen sua, eta 16:30erako itzali zuten, nahiz eta guztiz amatatu arte denbora gehiago pasatu zen. Enpresaren kanpoaldean pilatutako txatar pila batean sortu zen sutea, eta ke handia zabaldu zen inguruan. Horregatik, auzotarrei leihoak ixteko eta etxean geratzeko eskatu zieten.
Otuako bozeramaileak argitu du "gailu txikiren" batek eragin zuela sutea, "birziklatze lantegian egon behar ez zen tresnaren batek".
Alvarezek, bestalde, suhiltzaileen eta larrialdietako beharginen lana txalotu du, sua hain azkar itzaltzeagatik.