Politika -
Titular nagusiak
Albiste izango dira: Amnistia Legea, Maiatzeko KPI aurreratua eta posta bidezko botoa
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko maiatzaren 30ean, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Amnistia Legea: Ezustekorik ezean, Espainiako Diputatuen Kongresuak behin betiko onartuko du gaur Amnistia Legea, eta gehiengo osoa (gutxienez 176 boto) behar du Senatuaren betoa gainditzeko. Espero bezala aurrera ateratzen bada, araua Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu daiteke ostiralean edo larunbatean indarrean sartzeko. Osoko bilkura 09:00etan hasiko da eta saio monografikoa izango da. Bertan, taldeetako bozeramaileek zazpi minutuko tartea izango dute hitz egiteko, txikienetik handienera.
- Maiatzeko KPI aurreratua: Espainiako Estatistika Institutuak gaur argitaratuko du maiatzari dagokion Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI). Apirilean urte arteko inflazioak % 3,3 egin zuen gora, gasaren eta elikagaien garestitzeak eraginda. Bestalde, azpiko inflazioa, energia eta elikagai freskoak kontuan hartzen ez dituena, lau hamarren jaitsi zen apirilean, % 2,9raino, aurreko urteko hilabete bereko datuekin alderatuta. Ildo horretan, 2022ko azarotik lehen aldiz, azpiko inflazioa inflazio orokorraren azpitik kokatu zen.
- Posta bidezko botoa: Ekainaren 9ko Europako hauteskundeetan posta bidezko botoa eskatzeko epea gaur amaituko da. Correoseko edozein bulegotan edo Internet bidez eska daiteke, www.correos.es webgunearen bidez, NAN ziurtagiri elektronikoarekin edo baliozko ziurtagiri digital batekin. Botoa emateko epea ekainaren 6an amaituko da., eta Correosen edozein bulegotan eman ahal izango da, ohiko ordutegian.