Gizartea -
epaia
Bizkaiko Auzitegiak bi urte eta zortzi hilabeteko zigorra ezarri dio Basurtun haurtxoa lapurtu zuen emakumeari
Epaimahaiaren ustez, emakumeak jaioberria bahitzeko "plan antolatua" jarraitu zuen, egoeraren "kontziente" zela. Ez du frogatutzat jo, ordea, haurtxoa abandonatu zuenik. Besteak beste, ahalmen psikikoen "urritasun arina" izatearen aringarria onartu diote. Defentsak helegitea iragarri du.
EITB MEDIA
Bizkaiko Lurralde Auzitegiak bi urte eta zortzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio 2022ko urrian Basurtuko Ospitalean haur jaioberri bat bahitu zuen emakumeari.
Gaur kaleratutako epaiaren arabera, adingabe bat legez kanpo atxikitzearen delitua egotzi dio epaimahaiak, eta hainbat aringarri aplikatu dizkio. Hala nola, ahalmen psikikoen "urritasun arina" izatea eta kaltea partzialki konpondu izanarena, gurasoei 12.000 euroko kalte ordainaren erdia eman baitie. Epaimahaiak ez du aintzat hartu akusazio partikularrak galdegiten zuen adingabe baten abandonatze delitua. Gauzak horrela, 2 urte eta 8 hilabeteko zigorra ezarri dio. Espetxe zigorraz gain, Bizkaiko Auzitegiak gurasoengandik eta semeengatik 500 metro baino gutxiagora hurbiltzeko debekua ezarri dio bost urtez.
Epaimahaiak frogatutzat jo du akusatuak jaioberria bahitzeko "plan antolatua" jarraitu eta egoeraren "jakitun" zela egin zuela. Osasun langileen arropak hartu, eta itxurak eginez eta "aitzakia faltsuak" erabilita, ama bat konbentzitu zuen haurtxoa logelatik ateratzeko. Handik gutxira, erietxetik atera zen "haurra poltsa batean zeramala".
Epaian irakur daitekeenez, 12 ordu geroago, Ertzaintza segika zuela jakinda eta "sortutako harrabots mediatikoa" tarteko, haurtxoa itzultzea ebatzi zuela emakumeak "gertuen zuen etxebizitza eraikin batean". "Emakumeak etxe baten atarian utzi zuen jaioberria, txirrina jota, eta eskilarak arin batean jaitsita. Tarte horretan norbaitek atea zabaltzen zuela entzun zuen", ageri da epaian. Epaimahaiak adingabea abandonatze delitutik absolbitu du emakumea, ez baitu froga nahikorik atzeman. Argudiatu duenez, "bistakoa da segundo gutxi batzuk igaro zirela" haurra atarian utzi zuenetik etxeko jabeak jaso zuenera.
Epaimahaiak zenbait aringarri baztertu ditu: egindakoa aitortzearena eta momentuko bulkada baten eraginpean jardutea. Lehenengoaren harira, eta emakumearen deklarazio guztiak kontuan hartuta ondorioztatu duenez, aitortza "ez zen garaiz egin, ez zen osoa eta zentzuzkoa izan, eta nahasgarria izan zen".
Epaia ez da irmoa eta aldeek errekurritu dezakete EAEko Auzitegi Nagusian. Hain justu, defentsak helegitea aurkeztuko duela iragarri du. Uste du zigorra gehiegizkoa dela (emakumeak aurrekariak ez dituenez, ezarritakoaren erdiak behar duela dio), eta egindakoa aitortzeagatik aringarria aplikatu behar zitzaiola.
4-7 urteko kartzela zigor eskaerak
Fiskaltzak 4 urte espetxe zigorra eskatu zuen emakumearentzat, eta akusazio partikularrak (haurtxoaren gurasoak) 7 urtekoa, adin txikiko bat bahitzea eta abandonatzea egotzita. Defentsak bederatzi hilabeteko zigorra galdegin zuen.
Duela bi aste egindako epaiketan, egindakoa onartu eta gurasoei barkamena eskatu zien emakumezko gazteak.
Bahiketa 2022ko urriaren 19an gertatu zen, Basurtuko Iturrizar eraikinean. Osakidetzako langileen arropa jantzita zuen emakume bat amatasun unitateko logela batera sartu zen, eta haur jaioberri bat eraman zuen, proba bat egin behar ziola esan ondoren umearen amari.
Andrazkoak lagun baten etxean igaro zuen gaua jaioberriarekin, eta hurrengo goizean, Santutxu auzoko etxebizitza baten atarian utzi zuen haurra, onik. Ondoren, bere burua Ertzaintzaren esku utzi zuen eta atxilotu egin zuten. Deklarazioa hartu eta gero, behin-behinean aske geratu zen, eta bere borondatez ospitale psikiatriko batean sartu zen.