Gizartea -
Balearrak
Palmako jatetxeak ez zuen hondoratu zen terrazarako baimenik
Iaz lokalak ez zuen Eraikinen Ikuskapen Teknikoa gainditu, eta, beraz, jabeak udal-teknikariek planteatutako hobekuntzak egin behar zituen.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Joan den ostegunean hondoratu zen Palmako Medusa Beach Club jatetxeko terrazak ez zuen baimenik bezeroak hartzeko. Lau hildako eragin zituen, horien artean Nafarroako langile bat, eta 14 zauritu. Beraz, eroritako eraikinaren erabilera legez kanpokoa zen.
Jaime Martinez Palmako alkateak astearte honetan azaldu duenez, eraikineko sotoak eta jatetxe gisa erabiltzen zen beheko solairuak beharrezko lizentziak zituzten, baina terrazak ez.
Martinezen arabera, Palmako suhiltzaileek ondorioztatu dutenez, terraza modu irregularrean egindako obren gehiegizko pisuagatik eta momentu horretan bertan zeuden 21 bezeroen gainkargaren "konbinazioagatik" erori zen.
Lokala legez kanpo birmoldatu zen 2013an, baina terraza ez zen berritu. Orduan, bost zentimetroko geruza bat besterik ez zuten bota, eta horrek "gainkarga" eragin zuen istripuan.
Iaz lokalak ez zuen Eraikinen Ikuskapen Teknikoa gainditu, eta, beraz, jabeak udal-teknikariek planteatutako hobekuntzak egin behar zituen.