Gizartea -

Manifestua

150 artista inguruk jaietan EHKSko kolektiboei jarritako "beto ulertezinekin" amaitzeko eskatu dute

"Jaietako parte-hartzeak eskubide unibertsala izan behar du, eta, beraz, ulertezina egiten zaizkigu Bilboko Luberri konpartsari eta Gasteizko GKSri eta Etxebizitza Sindikatuari ezarritako betoak", adierazi dute.

Sinatzaileen ordezkaritza batek agerraldia egin du gaur Bilboko Kafe Antzokian. Irudia: EITB
Sinatzaileen ordezkaritza batek agerraldia egin du gaur Bilboko Kafe Antzokian. Irudia: EITB
Sinatzaileen ordezkaritza batek agerraldia egin du gaur Bilboko Kafe Antzokian. Irudia: EITB

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

150 bat musikarik, aktorek, idazlek, bertsolarik eta beste kultur esparru batzuetako ordezkariek gutun bat sinatu dute "guztiontzako jai herrikoien" alde. Gutun horretan, Bilboko konpartsek eta Gasteizko txosna-batzordeak EHKSrekin lotutako Luberri, GKS eta Etxebizitza Sindikatuari jarritako "beto ulertezinetarako irtenbidea" eskatu dute.

El Drogas, Fermin Muguruza, Gari, Iosu Zabala, Natxo de Felipe, Niko Etxart, Bingen Mendizabal, La Basu, Joseba Irazoki edo Txuma Murugarren bezalako musikariek bat egin dute testuarekin, baita Itziar Ituño, Karra Elejalde, Patxo Telleria, Ramon Agirre, Gorka Aginagalde, Patxi Bisquert edo Ander Lipus bezalako aktoreek ere.

Halaber, Amets Arzallus eta Julio Soto bertsolariak, Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia eta Hedoi Etxarte idazleak, eta Patxi G. Ardanaz Poio eta Santi Antero Txan Magoa kultur arloko ordezkariak ere elkartu dira ekimenean.

Sinatzaileen ordezkaritza batek agerraldia egin du gaur Bilboko Kafe Antzokian. Bertan, Iosu Zabalak, Hedoi Etxartek eta Patxi G. Ardanaz Poio-k ekimenaaurkeztu dute eta gutuna irakurri dute, "jai herrikoiak maite ditugulako, artistak betoen aurka gaude eta konponbide bat nahi dugu, bai Bilbon eta bai Gasteizen" aldarrikatuz.

Bertan azpimarratzen dutenez, "herriko jaiak kultura-ondasun bat dira, ibilbide desberdinak dituzten pertsona eta kolektibo askoren lanari esker", eta "aniztasuna errespetatuz, ezberdintasun ideologikoen gainetik, jai-giro alaia, parte-hartzailea eta inklusiboa eraikitzen saiatzen dira".

Azaldu dutenez, Bilboko konpartsetan eta Gasteizko txosnen batzordean "kolektibo batzuei ezarritako debekuak kezkatzen dituelako" erabaki dute testua sinatzea, eta egoera horren aurrean "konponbideak irekitzeko" deia egin dute.

"Jaietako parte-hartzeak eskubide unibertsala izan behar du, eta, beraz, ulertezina egiten zaizkigu Bilboko Luberri konpartsari eta Gasteizko GKS eta Etxebizitza Sindikatuari ezarritako betoak", adierazi dute.

Horregatik, "zentzurik gabeko gatazka bakarrik sor dezakeen betoa gainditzeko konponbideak irekitzeko" deia egin dute. Ildo horretan, "gure esku dagoena" egiteko prest daudela adierazi dute, "betoak kendu daitezen" eta elkarte horiek Bilboko eta Gasteizko jaietan parte hartu ahal izan dezaten "berdintasun baldintzetan eta diskriminaziorik gabeko jai eta kultura giroan".

Gutunaren irakurketaren amaieran azaldu dutenez, ekimenarekin bat egin duten artistei ez dagokie talde horien parte-hartzea eragozteko arrazoiei buruzko iritzia ematea, eta, zentzu horretan, egoera "konpontzen saiatzea" baino ez dutela xede nabarmendu dute.

Hala, "batzuentzat beto politikoa" izan daitekeela esan dute, eta "beste sektore batentzat, berriz, txosnagunearen kudeaketaren eskumenen inbasiotzat jo daiteke".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aste Nagusia Andre Maria Zuriaren Jaiak Bilbo Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Jaiak