Gizartea -
Sexu erasoak
Europa ikastetxeak apartatu egin du ikasleei sexu erasoak egitea egotzita ikertzen ari diren irakaslea
Ikastetxe kontzertatuak oharra bidali die familia guztiei eta jakinarazi die hezkuntzako ikuskariekin eta Poliziarekin elkarlanean ari dela "zantzuen berri izan duten lehen momentutik".
EiTB Media
Lau urteko lau neskaren familiak Getxoko Europa ikastetxeko irakasle bat sexu erasoengatik salatu dutela publiko egin ostean, hezkuntza zentroak oharra bidali die bertako guraso guztiei ikerketapean dagoen irakaslea apartatu egin dutela esanez.
Ikastetxearen oharra Ertzaintzak irakaslearen aurkako ikerketa abiatu duela jakinarazi ostean etorri da.
Gertatutakoaren aurrean Europa ikastetxeak dioenez, hezkuntzako ikuskariekin eta Poliziarekin elkarlanean ari da, "zantzuen berri izan duten lehen momentutik".
Atzo bilera egin zuten gertakarietan nahastutako ikasturteko familiekin, gertaturikoa azaltzeko eta ikastetxeak horren aurrean egindakoaren berri emateko.
Halaber, ikastetxeko baliabideak familien eskura jarri ditu, eta beharrezkoa bada, ez du baztertzen "baliabide gehigarriak erabiltzea behar den denboran".
Bestalde, ikastetxeak dio lanean ari dela, "ikasleak eta horien familiak babesteko", batetik, eta zabaldutako legezko prozedurak ez oztopatzeko, bestetik.
Haur Hezkuntzako familiak bilera batera deitu ditu arratsaldean. Zuzendaritzaren eta gurasoen arteko bilera tentsioz beteta egon da. Batzarretik aterata, kezka eta haserrea azaldu dute gurasoek, eta urduritasuna nabaria da. Antza denez, guraso batzuk seme-alabak ikastetxez aldatzea planteatzen ari dira.
Gaur goizean mezu bidez jakin dute irakaslea zentrotik baztertu dutela, baina guraso askok salatzen dute erantzuna beranduegi heldu dela.
Europa ikastetxeko El Tilo guraso elkarteak "errespetua eta begirunea" eskatu du biktima adingabeen familiekiko. Ohar batean, guraso elkarteak "babes eta elkartasun irmoena" adierazi die adin txikikoen senideei. Halaber, "komunitate gisa, errespetuzko eta zuhurtziazko" jarrera mantentzea eskatu du.
Elkarteak espero du ikastetxeko buruzagiek "ikerketa sakona" egitea gertakariak argitzeko eta ikasle guztien segurtasuna eta ongizatea bermatzeko.
Bien bitartean, elkarteak hedabideei eta iritzi publikoari eskatu die kaltetutako familien pribatutasuna errespetatzeko, eta "egiaztatu gabeko informazioa zabaltzea saihesteko".