Gizartea -
IBILALDIA 2024
Herritarren erantzun ona nabarmendu dute Ibilaldiko antolatzaileek
Komunikabideetara igorritako lehen balorazioan, Getxon milaka lagun bildu direla nabarmendu dute San Nikolas ikastolatik. Eguna "biribila" izan dela esan dute, eta bildutako dirua Haur Hezkuntzako eraikin berria egiteko erabiliko dutela.
EITB Media
Milaka euskaltzale bildu dira maiatzaren 26 honetan Getxon, Bizkaiko ikastolen aldeko jaia ospatzeko. San Nikolas ikastolak antolatutako eguna "biribila" izan dela adierazi dute bultzatzaileek horren balorazioa egiteko zabaldutako oharrean, herritarrek emandako erantzunarekin oso pozik daudela, eta eskerrak eman dizkiete bertan parte hartu duten guztiei, bai bertaratu direnei, baita boluntario gisa lanean aritu direnei ere.
"Herritarrek eman duten erantzuna itzela izan da, eta uneotan horrekin geratzen gara, getxoztarrek eta Euskal Herritik etorritako herritarrek txonbo egin dutela ikastolan, euskaran eta euskal kulturan", adierazi dute.
11:00etan egin dute irekiera ekitaldia. Bertan izan dira, Unai Arzubiaga San Nikolas ikastolako zuzendariarekin batera, Ikastolen Elkarteko, Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Getxoko Udaleko ordezkariak.
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuaren esanetan, "egindako ibilbidea ospatzeko eguna da, baina baita etorkizuna ilusioz irudikatzeko unea ere".
Amaia Agirre Getxoko alkateak bart Getxon izandako gertaera lazgarria deitoratu du, eta nabarmendu du "Getxok ez duela horrelako jokabiderik onartzen", izan ere "Getxo herri baketsua eta anitza da", eta babesa agertu die labankadaz hildako gaztearen senide eta lagunei.
11:00etatik 19:00ak arte, denetariko egitaraua izan da Getxon: ikuskizunak, tailerrak, artistak... euskal kultura eta ikastola ardatz hartuta, gazteen eta nerabeen parte-hartzea bultzatzeko, batez ere.
Eguraldia lagun izan da. Arratsaldean euri apur bat egin du, baina ez du ikuskizunik eragotzi eta lau guneak beteta egon dira. Umeek gehien espero zuten momentuetako bat, Goazen! telesailaren abestirik ezagunenak kantatzeko unea, euripean egin dute, baina eztarriak urratu arte aritu dira gazteenak.
Komunikabideetara bidalitako lehen balorazioan oraindik datu zehatzik eman ez arren, antolatzaileek esan dute egun oparoa izan dela, eta gaurko diru-bilketak berebiziko garrantzia izango duela San Nikolas ikastolako Haur Hezkuntzako eraikin berria finantzatzeko.
2025ean, Galdakaoko Eguzkibegi ikastolak antolatuko du Ibilaldia, eta gaur hartu dute lekukoa.