Gizartea -
Women's Champions League
Bilbo prest dago UEFA Women's Champions League 2024ko finala jasotzeko
Bilboko Udalak garbiketa, mugikortasun eta segurtasun dispositibo berezi bat diseinatu du maiatzaren 25ean jokatuko den Emakumezkoen Txapeldunen Ligako finala dela eta.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Larunbat honetan, maiatzaren 25ean, San Mamesen jokatuko da emakumezkoen futbolak Europan jokatuko duen partidarik garrantzitsuena: UEFA Women 's Champions League 2024ko finala. F.C Bartzelonak eta Olympique Lyonek elkarren aurka jokatuko dute 18:00etatik aurrera Katedralean. Ekitaldi honek hainbat eragin izango ditu herritarrengan.
Ezarritako dispositiboak aparkaleku-erreserbak aurreikusten ditu, batez ere Abando eta Indautxu auzoetan, baita San Mames inguruan ere. Ligako partida bateko aparkaleku-erreserba berak aurreikusi dira, baina espero baino lehenago libre geratu beharko dira, partidaren bezperatik, bi taldeek zelaian egiten dituzten entrenamenduen ondorioz.
UEFA Women's Champions Leagueko sponsor ofizialen aktibazio gunea San Mameseko zelaigunean egongo da eta adin guztientzako musika eta era guztietako jarduerak eskainiko ditu. Finalaren egunean 10:00etan irekiko dira ateak eta 17:30ean itxiko dira. Partida amaitutakoan, zaleak berriro gerturatu ahal izango dira 22:00ak arte.
Halaber, Itsasmuseum inguruan, ostiralean 11:00etatik 22:00etara eta larunbatean 10:00etatik 17:00etara zelai puzgarri bat eta plataforma flotatzaile bat jarriko dira itsasadarrean.
Bestalde, garbiketa-operatibo berezi bat prestatu da, partida hasi aurretik, bitartean eta ondoren hiria egoera ezin hobean egongo dela bermatzeko.
Gainera, Bilboko Udalak ostalaritzako lokalak ixteko ordutegia bi orduz luzatzea erabaki du. Neurriak Bizkaiko Ostalaritza Elkartearen eskaera bati erantzuten dio, hiriko ekitaldi handien eta bestelako jaien garapenagatik.