Gizartea -

Uholdeak

Lazkaon hasi dira euri-jasak utzitako kalteak zenbatzen

Kepa Zubiarrain alkateak jakinarazi duenez, aseguru etxeekin hitz egiten ari dira eta goizean bilera egingo dute eman beharreko hurrengo pausoak zehazteko. Aitortu duenez, "mahai gainean dago hondamendi eremu izendatzeko erabakia", baina aurrena, balorazioa egin behar dute.

Hainbat soto urpetuta geratu dira Lazkaon. EITB Media
Hainbat soto urpetuta geratu dira Lazkaon.
Lazkaok garbiketa lanekin jarraitzen du ur zaparradaren ostean, normaltasuna berreskuratu nahian

0:39

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euri-jasa bortitz batek kaleak ibai bihurtu zituen atzo arratsaldean Lazkaon (Gipuzkoa), eta urak garaje, lokal eta etxabeak hartu zituen. Zorionez, ez zen kalte pertsonalik izan. 

Kepa Zubiarrain Lazkaoko alkateak Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketa batean gaur jakinarazi duenez, kalteak "ugariak" dira, eta gaurkoa izango da horiek zenbatzeko eta dena garbitzeko eguna. 

Zubiarrainen hitzetan, hasiak dira aseguru etxeekin hitz egiten, eta eurekin batera zehaztuko dituzte eman beharreko pausoak. Aitortu duenez, "mahai gainean dago hondamendi eremu izendatzeko erabakia", baina oraindik hori iragartzeko goiz dela esan du. 

San Prudentzio, Zubizkitza, Mikelar eta Iturgaitzaga kaleak izan dira kaltetuenak, eta agerikoak dira han euriteen arrastoak. Udalaren eraikinak ere badaude kaltetutakoen artean, besteak beste, Areria zinema, hainbat igogailu eta transformadoreren bat kaltetu ditu urak. 

Astelehena azoka eguna izan ohi da Lazkaon, eta uholdeak gorabehera, normaltasunera itzultzeko lanetan eta feria ospatzeko prestaketetan murgilduta daude herritarrak. Maizpide euskaltegian ere, sotoan izandako kalte nabarmenak gorabehera, eskolak ohi legez izango dituzte gaur. 

Metro koadroko 8 litro, 10 minutu eskasean

15:30 aldean hasi zen erauntsia. Euskalmeten Ordiziako estazioak jaso dituen datuen arabera, metro koadroko 8 litro bota zituen 10 minutuan, eta tenperaturak lau gradu egin zituen behera bat-batean. 

Horrenbeste ur hartu ezinda, ubideek eta estoldek gainezka egin zuten, eta urak ahal izan duen lekutik egin du bere bidea. 

Maulen (Zuberoa) ere zaparrada mardulak izan ziren, 17:00ak aldera. Uhaitza ibaiak gainezka egin zuen, eta ura hainbat etxe azpitan sartu zen. Kalteak, ordea, ez ziren apartekoak izan. 

Euri-jasa handi batek urpean utzi ditu kaleak Lazkaon
Euri-jasa handi batek urpean utzi ditu kaleak Lazkaon
Euri-jasa handi batek urpean utzi ditu kaleak Lazkaon

0:27

Ura garaje, lokal eta etxabe askotan

Kepa Zubiarrain Lazkaoko alkateak EITBri azaldu zionez, ordu erdi eskas iraun zuen "euri erauntsi izugarria" izan zen. 

Zubiarrainen hitzetan, Txindoki adinekoen egoitzara ur dezente sartu zen teilatutik, eta egoiliarrak bertatik atera beharra izango ote zuten beldur izan ziren. Azkenean, baina, ez zen halakorik egin behar izan. 

Maizpide euskaltegiko sotoan metro bateko altuera hartu zuen urak, eta bertan zegoen guztia (etxetresnak, materiala...) hondatu zuen. 

Zaparrada oso lokalizatua izan zen; izan ere, Beasainen eta Ataunen, Lazkao ondo-ondoan dauden herriak biak, ez baitzuen aparteko euririk egin. 

Erauntsia igaro ondoren, ura ateratzeko lanean hasi ziren herritarrak. Alkatearen esanetan, "kalteak handiak izan dira", kalte materialak betiere, ez baitzen inor zauritu. .  

Gi-2120 errepidean ere, ur putzu handiak sortu ziren, eta une batean errepidea itxita egon zen. 

Kasualitateak kasualitate, atzo ziren 34 urte kazkabar historikoa izan zela Ordizian. Goierritarrek gogoan dute oraindik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoako albisteak Gizartea bideoak Eguneko albisteak Albisteak Uholdeak bideoak Zer gertatu da Lazkao herrian? Goierri eskualdea