Gizartea -
SEKTAK EAE-N
150 sekta daude Euskadin, eta horietatik 50 elkarte gisa legez erregistratuta daude
Sekten jarduerari buruzko lege-esparru zehatzik ez dagoela gogoratu du Segurtasun Sailak, eta horreagatik, Ertzaintzak ordenamendu juridikoan jasota dauden delituen aurrean jarduten du bakarrik, hala nola, sexu-erasoak, lesioak edo mehatxuak.
IKER GOMEZ | EITB MEDIA
Ertzaintzaren arabera, egun 150 sekta daude Euskal Autonomia Erkidegoan jardunean. Horietatik, 50 legez erregistratuta daude "elkarte laiko edo erakunde erlijioso edo espiritual gisa", Segurtasun sailak EITB Mediari adierazitakoaren arabera.
Iturri horien arabera, erakunde, elkarte edo talde erlijioso gisa erregistratzeko baldintza bakarra "identitate bat" aurkeztea da.
Sekta jarduerari buruzko lege-esparru zehatzik ez dagoela gogoratzen du Segurtasun sailak, eta horregatik, Ertzaintzak ordenamendu juridikoak jasotzen diren delituen aurrean jarduten du bakarriik, hala nola, lesioak, mehatxuak edo sexu-erasoak.
Horrez gain, sektetako jarraitzaileen gaineko balizko "espoliazio ekonomikoak ere" ikertzen ditu Ertzaintzak, "tartean estortsio-moduren bat dagoen argitzeko", baita sekta horien "administrazio atalak ere".
"Hau da, erregistratuta egoteko baldintzak betetzen dituen ikertzen dugu", adierazi dute Segurtasun sailetik.
Nola jokatzen du Ertzaintzak sekten aurrean?
Salaketarik jasotzekotan, Ertzaintzak prozedura zehatz bat du sekten aurrean: agenteek salaketa ikertuko lukete eta, aldi berean, biktimarekin harremanetan jarriko lirateke. Ertzaintzak "sekta suntsitzaileek" eragindako pertsonei aholkularitza eta orientazioa ematen dieten elkarteetara bideratu ohi ditu pertsona horiek.
"Erakunde horiek jarraibideak ezarriko lizkiekete kaltetuei, talde hertsatzaileen desprogramazio- eta urruntze-prozesuak gauzatzeko", adierazi dute Segurtasun Sailetik.
Izan ere, Ertzaintza RedUne elkartearekin, Abusu Ahularen Sektarismoa Prebenitzeko Sarearekin, elkarlanean ari da gaur egun, "sekta suntsitzaileen" biktimei laguntzeko.