Gizartea -

Mikroorganismoak

Birusak, bakteriak... inguru guztia mikroorganismoz betea daukagu

Askotan bakteria eta birusei buruzko albisteak iristen zaizkigu, baina horrelako zenbat ditugu gure inguruan? Non daude? Kaltegarriak dira denak? Galdera hauen erantzunen bila abiatu gara.

Mikroorganismoz inguratuta.
Mikroorganismoz inguratuta.
''Betidanik egon dira mikroorganismoak gure artean eta batzuk beharrezkoak ditugu''

2:13

A. Aramendi Elduaien | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txikiak eta ikusezinak dira eta sarritan ez gara jabetzen zenbat ditugun gure inguruan baina, dudarik gabe, mikroorganismoz inguratuta gaude. Hala baieztatu digu EHUko Farmazia Fakultateko Mikrobiologia saileko irakaslea eta ikerlaria den Irati Martinez Malax-Etxebarriak.

Milioika eta milioika mikroorganismo ditugu inguruan. Birusak, bakterioak, akaroak eta onddoak dira horietako batzuk. Izen txarra badute ere (gaitzen transmisore gisa ikusten ditugu askotan), horietako asko onak eta beharrezkoak dira hainbat ekosistema mantentzeko.

Hain zuzen ere, gizakiak horietako batzuk etxekotu dituela ere esan dezakegu; jogurtak edota ogia egiteko behar direnak, adibidez.

Mikroorganismo guztietatik portzentaje txiki bat, ordea, patogenoak dira; alegia, beste izaki bizidun bati kaltea eragiteko ahalmena daukate. Gizakiontzat ezagunenetako batzuk, pandemia garaian erotu gintuen Covid-19az gainera, e-coliak, campylobacterrak eta akaroak izan daitezke. Lehen biek gastroenteritisa sor diezagukete eta akaroak, berriz, alergia askoren oinarrian egoten dira.

Izaki bizidun guztion gorputzetan bizi dira mikroorganismoak. Beste batzuk ur tantetan edo edozein gainazaletan esekita irauten dute. Elikagaia, hezetasuna eta tenperatura egokia behar dituzte ugaltzeko.

Gure etxeetan, lantokietan eta bestelako eraikinetan egoten dira horietako asko eta guk geuk eramaten ditugu alde batetik bestera zapatetan edota eskuetan.

Nola lortu mikroorganismoen karga gutxitzea?

Irati Martinezen hitzetan garbitasuna da gakoa. Garbitasuna zenbat eta handiagoa izan, orduan eta mikroorganismo gutxiago egongo dira. Gure etxeetan, adibidez, edozein txokotan egon daitezke, baina ugarien komunean eta sukaldean aurkituko ditugu. Hala ere, gure larruazalarekin ukitzen dugun edozein gainazal edo oihaletan ere mikroorganismoak egongo dira.

Nola egin aurre etxean ugaltzen zaizkigun mikroorganismoei?
Nola egin aurre etxean ugaltzen zaizkigun mikroorganismoei?
Nola egin aurre etxean ugaltzen zaizkigun mikroorganismoei?

2:08

Martinezen aburuz, garbiketa mekanikoa (trapua pasatzea) eginda horietako asko kenduko ditugu. Horrez gainera, xaboiak erabiltzen baditugu beste asko suntsituko ditugu eta, azkenik, beti erabili daiteke desinfektatzaileren bat (lixiba, alkohola…)

Hori bai, argi utzi ditu mikroorganismoak gu baino lehenago iritsi zirela Lur planetara eta gu beti bizi izan garela haiekin kontaktuan, beraz, hau guztia obsesionatu gabe egiteko ere gomendatu digu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EHU albisteak Gizartea bideoak Eguneko albisteak Albisteak Zientzia berriak Zientziaren hedapena