Gizartea -
MOBILIZAZIOAK
Palestinaren alde batuko dira Euskal Herri osoko sindikatuak datorren ostiralean
'SOS Rafah-STOP genozidioa' goiburupean, elkarretaratzeak deitu dituzte Euskal Herri osoko lantokietan eta hiriburuetan. 12:00etan izango dira protestak.
EITB MEDIA
"Gazak bizi duen genozidioari amaiera" ematea aldarrikatzeko, ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK, CGT, Steilas, Solidari, EHNE, Etxalde eta Hiru sindikatuek bat egin eta mobilizazio dei bateratua egin dute datorren ostiralerako, maiatzak 17. 'SOS Rafah-STOP genozidioa' goiburupean, 12:00etan elkarretaratzeak deitu dituzte Euskal Herri osoko lantokietan eta hiriburuetan.
Zabaldu duten agiriak dioenez, "pasa den urritik Palestina eta, bereziki, Gazako Zerrenda Estatu Batuek, Europar Batasunak eta nazioarteko komunitatearen zati handi batek emandako inpunitatearekin benetako genozidioa pairatzen ari da Israelen eskutik". "Erabateko gerra honek", erantsi dute, "lurraldearen erabateko suntsipena eta 35.000 pertsona baino gehiagoren hilketa" eragin ditu.
Egoera hori amaitzeko, sindikatuek "genozidioari amaiera emango dion su eten iraunkor bat" exijitu dute, eta horrekin batera, "alde guztien arteko negoziazioaren eta elkarrizketaren bidez eta nazioarteko komunitatearen babespean eman beharreko konponbide integrala".
Halaber, Euskal Herriko zein Estatu Espainiarreko erakundeei eskatu diete "Nazioarteko Zigor Gortean Esku-hartze Adierazpenak aurkeztea, Israelen aurka abian den eskariari babesa eskainiz"
Protesta guztiak 12:00etan izango dira. Ondorengoak izango dira nagusiak:
- Bilbo: Plaza Eliptikoa
- Gasteiz: Ama Zuriaren Plaza
- Donostia: Alderdi Eder
- Iruñea: Udaletxe Plaza