Gizartea -

Indarkeria matxista

Gizon batek bere bikotekidea hil du Bartzelonan, eta biktima apiriletik zegoen desagertuta

Gizona maiatzaren 11n atxilotu zuten Vicen. Atxiloketa azkartu egin zen ikertzaileek jakin zutenean gizonak Espainiatik alde egiteko asmoa zuela. Oraindik ezin izan dute biktimaren gorpua aurkitu.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Esquadra Mossoek 59 urteko gizon bat atxilotu zuten maiatzaren 11n Vicen (Bartzelona), bikotekidea hiltzea egotzita. Emakumea duela hilabete desagertu zen, eta ez dute haren gorpua topatu.

Mossoek gaur jakitera eman dutenez, biktima apirilaren 19tik desagertuta zegoela salatu zuten, eta ikertzaileek gizonak Espainiatik alde egiteko asmoa zuela jakin zutenean atxilotu zuten.

Bestalde, kasuaren gertuko iturriek azaldu dutenez, oraindik ezin izan dute biktimaren gorpua aurkitu. Atxilotuari dagokionez, gaur eraman dute epailearen aurrera, Vicen.

Generalitateko Berdintasun eta Feminismo Departamentuak hilketa gaitzetsi du, indarkeria matxistaren hamaikagarren biktima 2024an, Katalunian.

"Departamentuak doluminak eta maitasuna adierazi nahi dizkie indarkeria matxistak eraildako emakumearen ingurukoei eta herritarrei", dio agiriak.

"Aurten gertatutako hilketa matxistak hamaika dira dagoeneko, tartean sei emakume, indarkeria matxistaren ondorioz amarekin batera eraildako bi ume, eta indarkeria bikarioa helburu zuten beste hiru feminizidio", gogorarazi du Generalitatetik.

2012an datu ofizialak biltzen hasi zirenetik, 141 hilketa matxista izan dira Katalunian, eta horietako zazpitan biktimak seme-alabak izan ziren.

Indarkeria matxistaren ondorioz umezurtz geratu diren seme-alaben kopurua zazpikoa da 2024an, eta 99koa azken hamarkadan.

Kataluniako Administrazioak gogorarazi duenez, "indarkeria matxistekin bukatzea herri osoaren ardura da", eta "gizarteko esparru guztietatik egindako ahaleginak" batu behar dira, indarkeria matxista mota guztiak desagerrarazteko.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Indarkeria matxista Bartzelona Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa