Gizartea -
IRUNGO GERTAERA, IKERKETAPEAN
Irunen gizon bat erasotzeagatik ikertzen ari diren ertzaina zerbitzutik kenduko dute kautelazko neurri gisa
EiTB Mediak baieztatu ahal izan duenez, gertakarien protagonista den agentea polizia-zerbitzutik bereizteaz gain, bertan ziren Ertzaintzako agente guztien jarrera aztertzen ari dira ikertzaileak.
EITB MEDIA
Irunen gizon bati eraso egiteagatik ikertzen ari diren ertzaina zerbitzutik kendu dute kautelazko neurri gisa, EITB Mediak baieztatu ahal izan duenez.
Ertzaintzaren Barne Arazoetako Unitateak ikerketa abiarazi zuen agentearen portaera argitzeko, gizon bati aurpegian kolpe bat ematen ikusten den bideo bat sare sozialetan zabaldu ondoren.
Agentea zerbitzutik bereizteaz gain, une hartan han ziren Ertzaintzako agente guztien papera ere aztertzen ari dira ikertzaileak.
Era berean, ikerketa honen berri eman zaio Irungo Udalari ere, irudi horietan Ertzaintzako agenteez gain, udaltzainak ere agertzen baitira.
Bideoa sare sozialetan
Segurtasun Sailak aurreko astean jakinarazi zuenez, joan den udan gertatu zen erasoa; berriki, bideoa sare sozialetan zabaldu ondoren, ezagutu bada ere.
Irudietan, itxuraz aztoratuta dagoen gizon bat agertzen da, Udaltzaingoko eta Ertzaintzako zenbait agentez inguratuta, Irungo San Migel auzoko Zubiaurre kalean, Adifen geltokitik gertu.
Gizona udaltzainekin eztabaidan ikusten da, eta 10 agente bera kontrolatzen egotea aurpegiratzen die, "jende gaiztoaren" bila aritu beharrean. Ondoren, iraindu egiten ditu agenteak.
Une horretan, ertzain batek ukabilkada handi bat ematen dio aurpegian, eta gizona lurrera erortzen da, agenteak "ixo, dedio, akabo txorakeria" esaten dion bitartean. Gizona zorabiatuta geratzen da, lurrean, polizia guztiek beren patruila-autoetan sartu, eta alde egiten duten bitartean.