Gizartea -
EUSKARA
Seaskak bere helburua bete eta Beskoitzeko ikastola finantzatzeko adina diru bildu zuen Herri Urratsen
Peio Jorajuria Iparraldeko ikastolen elkarteko lehendakariak esan du oraindik ez dituztela kontu ekonomikoak itxi, baina "dudarik ez" dute Beskoitzeko ikastola finantzatzeko gaitasuna izango dutela.
eitb media
Peio Jorajuria Seaska Iparraldeko ikastolen elkarteko lehendakaria gustura agertu da, atzo Herri Urratsek izandako arrakastarekin "indarrez beterik", eta esan du bildutako diruarekin Beskoitzeko ikastola "finantzatzeko gaitasuna" izango dutela.
Euskadi Irratiko mikrofonoetan adierazi duenez, atzo Senpereko lakuaren ingurua "bete" egin zen, eta "giro biziki polita" egon zen, "eguraldiak babestuta".
Hori horrela, eta diru "kontuak oraindik erabat eginak ez" dituztela aitortu duen arren, azpimarratu du helburua bete dutela, hau da, Beskoitzeko ikastola berria "finantzatzeko gaitasuna" izango dutela. Horrekin Beskoitzeko haurrei "behar duten ikastola eskaintzeko" aukera izango dutela azaldu du.
Bestalde, berretsi du azterketak euskaraz egitea dela jomugan duten aldarrikapen nagusietako bat, eta horixe ikusi eta entzun zela atzoko Herri Urratsen. Horren harira, mobilizazioak egiten jarraituko dutela iragarri du, "brebetarena konpondua" duten arren, "baxoarena" dutelako oraindik egiteke, aurten euskaraz ikasi duten ikasleek frantsesez egin beharko baitute azterketa. "Onartezina da gure ikasleen eskubideak horrela zapaltzea", gehitu du.